Javier Ollo Martinez alkateak azaldu digunez, "ideia da legegintzaldi honetan hirigintza oinarriak onartzea. Horretarako Dermau edo Lezalde moduko sektoreak itxita egon behar dute". Ollok esan digunez, "Dermauko lur-jabeei gutuna bidaliko diegu, sektorea garatzea nahi duten edo ez esan dezaten" Bestetik, jakinarazi digu Lezalden etxebizitzak egin nahi duten lur-jabeek epaitegira jo dutela.
Bitartean, Dermauko lurjabeek udalarengandik birpartzelazio/urbanizazio kontzeptuagatik premiamendu-probidentziak jaso dituzte. Guztira 162.319 euro dira. Zerga-jakinarazpenak bere bide guztia bete ez dezan eta ez enbargatzeko lur-jabe gehienek zorrak pagatu dituzte, baina, aldi berean, berraztertzeko-errekurtsoak aurkeztu dituzte. Helegite horretan lur-jabeek, besteak beste, argudiatzen dute zorra iraungi egin dela. Idatzietan diotenez, ordaindu beharreko kopuruak 2012ko martxoan zehaztu ziren eta Tributuen Foru Lege Orokorrak jasotzen duenez, lau urteko epea dago ordainketa exijitzeko. Horregatik, ordainketak egiteko epea pasa dela diote.
Nafarroako Kontu Ganberak Altsasuko Udalaren 2010eko kontuen inguruko txostenean Dermaukoei urbanizazio kuotak "berehala" kobratzeko eskatzen zuen, "bestela, kuotak preskribatzeko arrazoi izan daiteke". 2012an argitaratutako txosten horretan Ganberak gaineratu zuen, "birpartzelazioari uko eginez gero beharrezko neurriak hartu behar dira, dena hasieran zegoen egoerara bueltatuz, horrek dakarren kostuarekin".
Horretaz aparte, lur-jabeek udalaren jardun falta, urbanizazioa garatu ez izana eta epeak bete ez izana argudiatu dituzte. Urbanizazioa egiteko udalak egin duen bakarra birpartzelazioa izan da. Dermauko sektorea garatzeko konpentsazio sistema aukeratu zen eta horren arabera 15 urteko epean egin behar dira lanak. Oraindik larre direnak heldu den urteko otsailaren 13rako despedituta egon beharko luketela diote sektoreko lur-jabeek. Aldi berean, lur-jabeek euren errekurtsoan diote Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Foru legean ezarritakoaren kontra, zergen eta onuren arteko orekaren printzipioa urratu egiten dela, ez baitute "inolako hirigintza aprobetxamendutik, erabiltze edo lupetzerik". Bestetik, Dermaun lursaila erosi zuen enpresa batek, bere jarduna hara lekualdatzeko. Egin ez denez, eragindako galerak aipatzen ditu enpresak.