Altsasuko Udalak bere eta erakunde autonomoen 2016ko kontuak itxi berri ditu eta 641.420,81 euroko superabita izan zuen. Zor duena eta kobratzekoa duenak kontutan hartuta diruzaintzako gerakina 1,793 milioikoa da. Baina Aurrekontu Egonkortasun Legeak diru horren zati handi bat zorrak pagatzera behartzen du udala, inbertsiotarako gutxi geldituz. Hala ere, 2016an udalak 892.725,490 euroko inbertsioak egin zituen Javier Ollo alkateak azaldu duenez, "inbertsiora bideratutakoa nabarmen handitu da, eta horrek kontratazio gehiago ekarri du". Aurtengo inbertsioak zehazteko Nafarroako Gobernuak Toki Azpiegituren Planean zein lan jasotzen dituen ikustean erabakiko ditu udalak, Ollok argitu duenez.
Erakunde autonomoei dagokienez, Aita Barandiaran egoitzak 67.407,55 euroko superabitarekin bukatu zuen eta 236,81 euroko diruzaintzako gerakina du. Musika eskolak, berriz, 2.901,02 euroko zuloarekin bukatu zuen (2015ean 4.387,01ekoa izan zen). Diruzaintzako gerakina 5.972 eurokoa da eta harekin estaliko da zuloa. Udalak aurreko urtean baino %7,5 gehiago bideratu zion eskolari, gobernuaren laguntza jaitsi zelako.
2016ko inbertsioak
Udal haur eskola 329.953,66
Igerileku estalia 29.862,86
Urbasa kaleko espaloia berritzea 15.837,70
Kaleen zolatzea 51.751,48
Burunda frontoiaren zeharreko fatxada berritzea 899,56
Haurren jolas parkea 22.990
Kaleetan inbertsioak 14.214,17
Idertzagain kaleko baranda 4.674,92
Basoetan inbertsioak 56.789,63
Hilerriko horma-hobiak 47.940
Garbitoki eraikinean inbertsioak 9.640,07
Baso-bideak konpondu 25.332,99
Bide seinaleztapena 23.202,39
San Juan kaleko aparkalekua 39.257,96
Otadiko 3. sektoreko epaia betez kuoten itzulera 201.901,75