Sortu berri den Sakana Harrera Harana taldeak errefuxiatuen inguruko mozioak aurkeztuko ditu udaletan. Herenegun Altsasuko Udalak hura onartzea erabaki zuen Geroa Bairen, EH Bilduren, PSNren eta Goazen Altsasuren aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin.
Onartutako idatzian jasotzen denez, Altsasuko Udalak, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, pertsona errefuxiatuen harrera kudeatzeko konpromisoa hartzen du. "Hori dela eta, denbora zehatz batez haien etxebizitza gastuak bere gain hartzeko prest" egonen litzateke udala. Errefuxiatuak Altsasun erroldatu ondoren, "haien asistentzia beharrak gainontzeko herritarrenak bezalaxe, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak hartuko ditu bere gain".
Horrekin batera, Altsasuko Udalak “hiritar agiria egiteko eta pertsona horiek gure herriko biztanle gisa tratatzeko prest dago, dagozkien eskubideak bermatuz eta udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztietarako sarrera ziurtatuz".
Udalaren iritziz "Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak pertsona hauek guztiak behar bezala artatzeko prestatuak daude, baina horrela ez balitz, zerbitzu horietako langileei errealitate berri horri aurre egiteko prestakuntza berezia eman edota finantzatzeko" prest azaldu da. Altsasuko udal arduradunak, "beste udalekin batera, Nafarroako Gobernuarekin lan egiteko prest" daude "pertsona guztiendako errenta bermatua lortzearen alde eta ondorioz, Gizarte Lan Babestuaren programan sartzeko".
Pertsona migratzaileei eta errefuxiatuei orientazioa eskainiko die Altsasuko Udalak, "gizarte mugimenduaren bidez biltzeko guneak, laguntza eta elkartasuna eskainiz, herrian bizi diren pertsonekin". Aldi berean "udal guztiendako arrazakeriaren kontrako perspektiba baten ikuspuntutik harrerako protokoloak" sortzea eskatzen da, "udal guztiek abiapuntu bera izateko". Azkenik, Altsasuko Udalak onartutako idatzia Espainiako Gobernuari "presioa egitea" eskatzen du, "estatura sartzeko eta irteteko bideak errazteko baita pertsona errefuxiatu egoera lortzeko prozesua azkartzeko ere".
Atzera kontua
Mozioarekin ados egonda ere PSNtik proposatu zen Ongizate Batzordean mozioa garatzeko protokoloa lantzea eta onartu egin zen. Batzorde berean ere oniritzia eman zitzaion udaletxean pankarta bat jartzeko. Horretan atzera kontu batek adieraziko du zenbat egun falta diren irailaren 26rako. Egun horretan despeditzen da Europako Batasunak ezarritako errefuxiatuko kopurua jasotzeko epea. Horrekin batera, Nafarroan hartzeko falta diren pertsonen kopurua ere agertuko da. Zehazki bi kopuru hauek ageriko dira gaur atzera kontu horretan: 87 egun falta direla aipatu datara iristeko eta Nafarroak oraindik 265 errefuxiatu hartzea falta dela ere.