Clásicos Alsasua taldeak IV. Ibilgailu Klasikoen topaketa antolatu zuen garileko lehen larunbatean. Goizeko 9:30etik aurrera Zumalakarregi plazan ibilgailu klasikoak aparkatzen eta biltzen hasi ziren. Denetarik zegoen: autoak, motorrak, kamioiak, traktore zahar bat…
Gutxienez 25 urte izan behar ditu ibilgailu batek klasiko izateko. 60. hamarkadatik eta 80. hamarkada hasierara arte egindako ibilgailuak ziren Altsasun ikusi ahal izan ziren gehienak, Seat, Renault, Citroën edo Peugeot etxekoak gehienak. Horietaz gain, luxuzkoagoak ere bildu ziren, Mercedes etxekoak tarteko. Volkswagen furgoneta batek ere bildutako zaleen arreta piztu zuen, eta baita 1950 urteko GMC kamioi batek. “Gogoratzen dut Seat 125 txuri bat genuenean”, “Errepideak 600ez beteta zeuden orduan”. Halako esaldiak entzun zitezkeen, behin eta berriz, etxeko txikien harriduraren artean. Izan ere, haietako askok ez zituzten halako kotxeak inoiz ikusi.
Ibilgailu guztiek ibilbidea egin zuten, Iturmendira joan eta buelta. Handik bueltan, Iortia aurrean aparkatu zuten eta askok Clásicos Alsasua taldeak Iortian jarritako “Sobre ruedas” erakusketa bisitatzeko aprobetxatu zuten. Ondoren, bazkaltzera bildu ziren guztiak, egun bikaina borobiltzeko.