Herriaren berreuskalduntze prozesuan euskalkia berreskuratzeko helburuarekin lan egin du Alsasun Eskuaz taldeak azken urtean. "Gure arbasoek euskalkia utzi zuten gaztelania hartzeko eta guk, aldiz, gaztelania utziko dugu euskalkia hartzeko". Horretan Burundako gainontzeko herriekin elkarlanean aritu nahi dute.
Aurrera begira jarri dira eta Koldo Zuazok eginen duen Burundako euskalkiaren hiztegian laguntzeko prest agertu dira. Zuazok aurretik euskalkiari buruz egindako liburuan oinarrituta apunte batzuk sortu dituzte eta altsasuarrei eskaini dizkiete. Bestalde, euskalkia sustatzeko, dendariekin hitz egiteko asmoa dute. Praktikatzeko afariak antolatuko dituzte eta informazio panelak ere jarriko dituzte. Altsasuarrak haiekin bat egitera eta euskalkia "beldurrik gabe" erabiltzera animatu dituzte.
Urtebeteko jardunean taldeak Koldo Zuazo hizkuntzalariaren hitzaldia, euskalkiaren hitz zerrenda argitaratu du eta hitz eta esapideak zabaltzeko mutxikan aritu dira. Bestalde, urtebeteko ibilbidean taldea lagundu diotenendako esker oneko hitzak izan dituzte: AEK biltzeko tokiagatik, EHE, Altsasuko Gazte Asanblada dirua uzteagatik eta Hitzondo eta Guaixe "ahotsa emateagatik".
Izen aldaketa
Altsasuarrak euskalkia berreskuratzeko Urdiaingoan oinarritu dira, “oraindik bizirik dagoelako”. Baina “Altsasuko aldaerak ikertuz taldearen izena aldatu behar zela ikusi dugu. Horregatik, Alsasun eskuaz izena hartu dute.