Ekintzaileei diru-laguntzak emanen dizkie Altsasuko Udalak

Guaixe 2017ko uzt. 7a, 10:50

Herrian jarduera ekonomiko berria jartzen duten langabetuen artean 5.000 euro banatuko ditu.

Finantzen arloak sortutako krisiak langabezia handitu eta enplegua lortzeko zailtasunak ekarri zituen berarekin. Ekintzailetza autoenplegua sortzeko eta populazioa herrietan finkatzeko formula egokia dela jabetuta, Altsasuko Udalak haiei diru-laguntza emateko erabakia hartu du. Javier Ollo Martinezek aitortu du laguntza ekonomikoa "oso handia ez bada ere, Altsasun ekintzaile izan nahi dutenendako bultzada txiki bat izan nahi du".

Altsasuko Udalak laguntzak emateko onartu duen araudian jasotzen denez, onuradunak izanen dira Enplegu Agentzia batean izena emanda dauden langabetuak eta herrian jarduera berri bat jarriko duena, bai autonomo gisa, bai beste erregimen baten bidez. Laguntza jasotzeko udalarekin inolako zorrik ez izatea ezinbestekoa da.  

Onuradunak zein ezin diren izan ere argi zehaztu du udalak: "Ekonomia Jardueren Zergan (EJZ) aurrenekoz izena eman dutenak dira jarduera berria, eta ez izena, lege-forma  edo aurretik zegoen egitura aldatu dutenak. EJZn alta eman aurreko bi urtetan jardun bera edo antzekoa egin dutenei ere ez zaie laguntzarik emanen" .

Laguntzak
Altsasuko Udalak zehaztu duenez, emakumezkoei 300 euro emanen dizkie eta gizonezkoei 250. Kopuru hori handitu daiteke eskatzaileak aitortutako %33ko ezgaitasuna badu, genero indarkeriaren biktima bada, 45 urte baino gehiago baditu, 30 urte edo gutxiago baditu eta Altsasun urte bat edo gehiago erroldatuta badago. Eskatzaileari kasu bakoitzean 50 euro gehiagoko laguntza emanen lioke Altsasuko Udalak.

Diru-laguntzak eskatzeko epea EJZn alta eman eta hurrengo 30 egunetan izanen da. Urte hasieratik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte ekonomia jarduna martxan jarri dutenek ere laguntza eskatzeko aukera izanen dute. Aldizkariko argitalpenaren ondorengo 30 egunak izanen ditu horretarako. Diru-laguntza eskaerak udaletxean aurkeztu beharko dira. Dagozkion agiriekin batera, ekintzaileak eskaera orria bete beharko du.

Mozioak
Garagarrilaren 28an egindako udal bilkuran Altsasuko Udalak hainbat mozio onartu zituen. Aurrekontu Egonkortasun Legea arbuiatu eta hura, lehenbailehen, bertan behera uztea eskatu zuten talde guztiek, abstenitu egin zen UPN salbu. Bestetik, Arabako tren sozial egitasmoa Altsasuraino iristearen aldeko mozioa onartu zen EH Bilduren, PSNren eta Goazen Altsasuren aldeko botoekin. Geroa Bai eta UPN abstenitu egin ziren.