Altsasuko Udalak udaltzain plaza betetzeko lan-eskaintza publikoa egitea erabaki zuen joan den asteko bilkuran. Jubilatzeagatik 2015ean hutsik gelditu zen plaza beteko da horrela. Altsasuko Udalak "aurrekontu oreka" izan duelako egin dezake eskaintza, bestela ez. Izan ere, 2016ko Estatuko Aurrekontu Nagusien Legean jaso zen toki erakundeek hutsik gelditutako plaza guztiak betetzeko aukera izanen luketela aipatu baldintza betez gero.
Altsasuko Udalak 2015ean kontu orekatuak izan zituenez udaltzain plaza deialdia egiteko aukera du. Eta heldu den urtean beste bat egiteko asmoa duela aurreratu du Javier Ollo Martinez alkateak. 2018an bi plaza betetzeko lan-eskaintza publikoa izanen da, aurten bi udaltzain jubilatuko baitira.
Beste hiru
Altsasuko Udaltzaingoan beste hiru plaza betetzeko daude. Asmo horrekin lan eskaintza publikoa egin zuen udalak 2014an. Baina haren prozedura geldiarazia dago, hainbat pertsonak helegiteak aurkeztu zituztelako. Nafarroako beste udal batzuk egoera berean daude eta Nafarroako Gobernuak esku hartu du. Udalek foru administrazioari prozedura horiek baliogabetzeko tramiteak egitea eskatu zioten, eta horretan hasi da. Behin prozedura horiek baliogabetuta udalek berriro lan-eskaintza publikoak eginen dituzte. Alkateak azaldu duenez, "ahal bezain laster izatea garrantzitsua da".
Ollok nabarmendu duenez, "helburua Udaltzaingo duin bat izatera bueltatzea da". Eta zehaztu du "gutxienez asteko zazpi egunetan bi lan txanda bete ditzatela bi agentek, edo agenteak eta laguntzaileak". Alkateak gaineratu duenez, udal talde guztiek konpromiso horrekin bat egiten dute. "Horrek, jakina, Udaltzaingora diru-baliabide gehiago bideratzea dakar. Diru kopuru hori urte askoan murriztu egin da eta orain, berriro, bideratzea tokatzen da, ezinbestekoa deritzogun polizia zerbitzua izateko".
Gobernuarekin hitzarmena
Udaltzaingoko plazak bete bitartean "udalak hiritar segurtasuna bermatu eta trafiko araudiaren aplikazio egokia egin behar du". Horregatik, alkateak Udaleko Antolakuntza eta Giza Baliabideen Batzordera proposamena eraman zuen eta onartua izan zen. Ondorioz, udalak Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena negoziatuko du Foruzaingoaren eta Udaltzaingoaren artean elkarlana eta koordinazioa estua izan dadin. "Aldi baterako hitzarmena litzateke, Udaltzaingo osatua izan arte iraunen lukeena". Bi aldeak hitzarmena negoziatzen ari dira gaur egun.
Joan den urteko jarduna
Altsasuko Udaltzaingoaren 2016ko memorian jasotzen diren datuetako batzuk dira honakoak: 2.404 telefono dei jaso zituen; gizarte-kultur arloko 54 jardueretan parte hartu zuen; trafikoari dagozkion 295 kontutan; familia edo aldamenen arteko 465 kasutan esku hartu zuen; 111 alditan animaliekin zerikusia zuten gaitan aritu zen; 41 trafiko istripuetan; lapurreta, galtze, emate eta kalteengatik 206 txosten egin zituen; soinuek eragindako kexengatik 16tan esku hartu zuen eta sonometriak egin zituen; galdutako 161 objektu bueltatu zituen; 29tan tabernekin loturiko zereginetan aritu zen eta asteroko azokan, festetan, ferietan eta beste ospakizunetan 192 jardun izan ziren. Isunei dagokionez, trafikoko 224 isun jarri zituen. Abere, hondakin, salmenta, osasun eta tabernekin lotutakoak izan ziren ere. Isunengatik 23.055 euro jaso zituen.