Aisia lagungarria izan daiteke nerabe eta gazteen nortasuna osatzeko eta sozializatzeko prozesuetan. Hala ere, hartarako eragozpena ere izan daiteke zenbait baliori lotuta agertzen denean.
Lehendabiziko gazte-informazio udal-zerbitzuak 80ko hamarkadaren hasieran sortu ziren. Urte haietan, ongizate-estatuaren aldeko apustu politikoa egin zen, eta testuinguru horren barruan, hain zuzen ere, ulertu behar dira zerbitzuak.
Urte batzuen ondoren, udalek pentsatu zuten zerbitzu horiek ez zirela nahikoak eta gazte-elkarteei eta aisiari zein parte-hartzeari buruzko programak bultzatu zituzten. Gazteak elkartzeko eta harremanetan jartzeko eremuak sortu ziren (gaztelekuak, gazteguneak, gazte-txokoak…).
Asia eta Denbora Libreko industriek indar handia hartu zuten eta haiek ezarri eta baldintzatu dituzte (gaur egun arte) gure denbora librea erabili eta hartaz gozatzeko mugimenduak eta jokabideak. Izan ere, denbora librea ez dagokie bakarrik gazteei, herritar guztiei baizik.
Gure ikuspuntutik, industria merkantilista sendo horrek ekar dezakeen arriskua saihesteko, administrazioek “aisi alternatiboa” planteatzen dute, gehienetan prebentzio gisa. Hala ere, asmo onenarekin egiten bada ere, gure ustez, planteamendu horren azpian gazteen ahuleziaren ideiak hor dirau oraindik ere eta horren ondorioz, talde hori babesteko beharra eta konpromisoa.
Udan gaude eta garai ezin hobea da besteekin ibiltzeko, gizarteratzeko, afektibotasuna trukatzeko eta denbora libreaz gozatzeko. Eta eguraldiaren laguntzari esker, horretaz guztiaz goza dezakegu, nola asteburuetan eta eremu pribatu eta itxietan hala eremu irekietan, naturan, plazetan eta auzoetan, koadrilarekin nahiz udako festetan eta gazteentzako musika, kultur eta arte programei esker egiten ditugun lagunekin.
Argi dago gaur egun aisi alternatiboa bi modutara bideratzen dela: alde batetik, arriskuen prebentzioan jartzen da azpimarra. Bestetik, aukera alternatiboak sustatzen dira. Gure ustez bi ikuspuntu horiek elkarren osagarri izan behar duten arren, guk bigarrenaren alde egiten dugu apustu; izan ere, garbi dugu administrazioen eta gazteriaren arteko harreman horizontalagoa, parte-hartzaileagoa eta pedagogikoagoa ahalbidetzen duela. Azken finean, asko errazten du pertsonak oro har eraldatzaileagoak eta kritikoagoak izatea.
Espero dugu— eta gure erantzukizuna da— Intxostiapuntan eta gazteekin uda honetarako programatutako jarduerak lagungarriak izan daitezen gazte autonomoagoak eta zoriontsuagoak egiteko.