Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate triatleta altsasuarra Guadalajarako Half Triatloian lehiatu zen asteburuan –1,9 km igerian, 92 km bizikletan eta 21 km korrika–. Proba Espainiako Triatloi Koparako baliagarria zen.
Guadalajarakoa, aurten Espainiako Koparen barruan distantzia erdian egiten duen laugarren triatloia izan da altsasuarrarendako, Orihuela, Iruñea eta Valentziakoaren atzetik, eta denboraldiaren pisua nabaritu zuen Garcia de Eulatek. Igeriketa segmentua gainditu ondoren, indarrak erregulatzen ez zen ohi bezain fin ibili. Baina, hala ere, ia bost ordu lehiatzen egon ondoren (4:51:58), proba absolutuan 36.a sailkatu zen altsasuarra, bere adin tartean, 35-39 urte, bosgarrena. Momentuz, Espainiako Kopako sailkapen orokorrean Sergio Garcia de Eulate lehena da bere adin tartean, 35-39 urte artekoan.
Espainiako Kopa despeditzeko azkeneko proba jokatzea falta da, urriaren 22an Ibizan jokatuko dena. Baina Guadalajarakoarekin denboraldia bukatutzat eman du Garcia de Eulatek. Ibizako probaren ondoren argituko da Espainiako Kopan zein postutan bukatu duen.