Erkudengo amaren irudia etxera, bere ermitara, bueltatuko da domekan. Garilaren 2an atera zen handik eta, ordutik, elizan bederatziurrena eginda, egunero, 20:00etan. Aldi hori pasata domekan eta makina bat altsasuar lagun dituela ermitarako bidea eginen du. Irudia lauren artean bizkar gainean hartu eta domekan, 09:30 aldera, abiatuko dira erromesak. Larrezabal eta Murgilarteko bideak ibiliko dituzte ermitara iristeko. 3,5 km inguruko bidea da.
Ermitaren kanpoko aldean meza izanen da 11:00etan. Elizkizuna despeditzeko altsasuarrek Ama Birjina Erkudengoa abestia kantatuko dute. Gosariaren garaia izanen da gerokoa. Nork berea eramanen du, baina jatekoa bulkatzeko udalak ardoa banatuko du. Gosariaren ondoren, txistularien doinura, zortzikoak, jotak eta porrusaldak dantzatuko dituzte. Herrira bueltan lagun taldeek bazkariak eginen dituzte.
Ama Birjina Erkudengoa
Ama Birjiña Erkudengoa
elurretako zuriya.
Esku batian iguzkiya ta
beste eskuan auriya.
Hark guretako gorderik dauka
komeni zaigun guziya.
Igurai on bat daukagularik
ermita txiki batian.
Hodeiak eta tenpestadiak
bialtzen ditu bertatik.
Eta frutubak oso ta leiyal
gordetzen ditu gugatik.
Ama Birjiña Erkudengoa
pekatarien ama zu,
pekatutikan libratutzeko
arkitasun bat egidazu.
Edo bestenaz galdu naiz ni
desanparatzen banauzu.
Lurreko plantak eukusi ezkero.
Nezesidade haundian,
Altsasuarrak dute kostunbre
disponitzia herrian,
Ekar dezagun Erkur indarra
ia gandegu premian.