Altsasuko Udaleko Kultura Zerbitzuak izendatutako epaimahaiak bere lana egin du eta lehiaketara aurkeztutako proposamen guztien artean hiru finalista aukeratu ditu. Herriko festak iragarriko dituen kartela zein izanen den aukeratzea orain altsasuarrei dagokie, karteletako baten aldeko botoa emateko aukera baitute. Beti ere, 16 urtetik gora badituzte eta herrian erroldatuta badaude. Jakina, pertsona bakoitzeko boto bakarra onartzen da.
Bozketan parte hartzeko udalak hiru aukera eskaintzen ditu. Alde batetik, Iortia kultur gunetik pasatzea, 10:00etatik 14:00etara. Bestea www.altsasu.net web orriaren bidez botoa ematea eta, azkenik, 012 doako telefonora hots egitea (08:00etatik 19:00etara) eta aukeretako baten alde egitea. Hautatutako kartelaren egileak 600 euroko saria irabaziko du.
Altsasuko festetako kartela aukeratzeko lehiaketara 64 lan aurkeztu dira aurten. Helduen mailan 11 lan izan dira lehiatu direnak eta haurren mailan, berriz, 53. Altsasuko lehiaketara aurkeztutako lan guztiak agorrilaren 28tik irailaren 10era Iortia kultur gunean ikusgai izanen dira, festen hasieraren aurretik hain zuzen ere. Aurten Altsasun festak irailaren 13an hasi eta 17an despedituko dira, hau da, asteazkenetik domekara izanen da ospakizuna.