8 hilabete

Ruben Imaz Alcaide 2017ko uzt. 28a, 08:05

kolaboratzaileak

Kalera noa, korrika egiteko zapatiletako lokarriak ondo estutu ditut eta alde zaharreko karriketan hasi naiz beroketak egiten. “Eeey, tio! Noraino zoaz?”, Oihan da, taberna bateko terrazan dagoen mahai bihurtutako kupelean eserita. Kafesne taza utzi du amen batean eta ondora etorri zait. Nire korrikako erritmoa berehala harrapatu du eta, harrituta, esan diot: “Kafesnea eztarrian izango duzu oraindik eta, nahi baduzu, itxarongo zaitut. Lasai joan arropa egokia janztera”. “Ba!” berak, “berdin dio, horrelaxe ere ederki asko noa”. Peñetako kontu eta komeriek, pilotako entrenoek haurrekin eta Yoseikan-eko istoriotxoek bete dute Urdiaingo igerilekuetako langa ukitu eta bueltako betiko korrika-saioa. 8 hilabete.

“Beti berandu ibiltzen da, tontoak gara, ez dugu inoiz ikasiko!” Gaur partida eguna dugu Sadarren, beste behin ere. Larunbata da oraingoan eta Adurrek parranda egin du ostiralean, agerikoa da. Mugikorretik, Whatsapp mezu mehatxatzailea: “Beno, gu bagoaz, ez zaitugu itxarongo! (haserre ikonoa)”. Inoiz ez dugu betetzen mehatxua eta azkenen milisegundoan, egoera gailentzen du Adurrek: “Buuaa, tioo... A ze liada atzo!!! Kar, kar, kar!”. 8 hilabete.

Eeeiii, koder!!! Lagunduko Beasaineraino? Bertako gaztetxekoen soinu-ekipoa kargatu behar dut txosnan jarri ahal izateko”. Jokin da. Irribarretsu dator, badaki enbajada ederrarekin datorrela, horrelakoa baita bera, eta, urduri dagoenean, jokin-irria ateratzen zaio. “Joder! Jokin! Orain ere horrela? Ezin dugu gerorako utzi?”. Eta, azkenean, biok joan gara furgoan Etzegaraten behera. 8 hilabete.