Udan Altsasukoen auzia zabaltzeko deialdia

Guaixe 2017ko uzt. 28a, 12:43

Horixe egin du herri-plataformak: “udako oporrak baliatuta munduko edozein lekutatik #AltsasukoakAske mezua zabaltzea”. Zehazki, lelo hori duten kamisetak edo banderolak ageri diren argazkiak egin eta partekatzeko eskatu dute. Horretarako, 690 057 098 telefono zenbakia eta  altsasukoak.aske@gmail.com e-posta eman dituzte. Leloa duen ikurra Interneten eskuratu daiteke. Bestalde, agorrilaren 14an Adurrek, Jokinek eta Oihanek espetxean 10 hilabete eginen dituzte. Haien egoera  eta auzia bera salatzeko kontzentrazioa eginen da. Uda izanik, Dantzalekuko igerilekuetan eginen da, 19:00etan.

Aurreratu bezala, Altsasuko Gurasoak Nafarroako eskualdeetan barna bira egiten hasi dira. Elizondo izan zen aurreneko geldialdia. Han auziari buruz eurek duten ikuspegia zabaldu zuten. Herenegun, berriz, Tafallako Udalaren bilkuran hitza hartu zuten euren egoera azaltzeko. Udalak, gainera, fiskaltzaren zigor eskaera “neurrigabekoa” dela dioen mozioa onartu zuen. Bilkuraren aurretik auzia salatzeko kontzentrazioa egin zuten ere. Hilaren 20an, Madrilen, ehun bat pertsonak fiskaltzaren zigor eskaera eta auzia bera salatu zituzten.

Europa
Altsasuko auziari buruzko ebazpena onartu zuten 52 euro-parlamentarik San Pedro egunean. Besteak beste, "proportzionaltasun, justizia eta zuzentasun printzipioak nagusi daitezen" eskatu zuten. Beste urrats bat egin dute sinatzaileek. Joan den asteko ostegunean jakinarazi zutenez, Espainiak terrorismoari buruzko arauak era egokian aplikatzen dituen aztertzeko eskatu dute parlamentu-ekinbide baten bidez.

Marina Albiol (IU), Xabier Benito (Ahal Dugu), Izaskun Bilbao Barandika (EAJ) eta Josu Juaristik (EH Bildu) Europako Komisioari eskatu diote Europako legeen eta estatuko legeen arteko egokitzapenen prozesu hori berrikusi dezala, eta egiazta dezala ea kasu honetan gertatutakoa bat datorren Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 49.3 artikuluak jasotzen dituen zigorren proportzioei buruzko aurreikuspenekin. Ferietako liskarrean gertatutakoa terrorismo delitu bilakatzeko fiskalak zer prozedura erabili duen jaso dute idatzian ere. Sinatzaileendako, gainera, ez da kontsekuentea Espainiar estatuan bertan "poliziei eraso dieten beste kasu batzuetan egin den Zigor Kodearen aplikazioarekin".

Bestalde, EAJko Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualdek “erabateko neurrigabekeriatzat” jo du Altsasuko gazteen auzia. “Badirudi terrorismo-ekintza entitatea ez duenari emateko interes ulertezina dagoela”. Hualdek gaineratu duenez, “hainbeste sufrimendu urteren ondoren, asko kezkatzen nau Hego Euskal Herriko erakundeak elkarbizitza baketsu eta demokratikoa finkatzeko munduko ahalegin guztiak egiten ari garenean, estatuaren menpeko erakundeek gertakari isolatu bat baliatzea tentsionatzeko eta nahasteko”.