Altsasuko Udalak atzo egindako bilkuran Balorazio Txostena onartu eta hura negoziatuko duen ordezkaritza izendatu zuen. Aipatu txostenaren helburua da udalerriko ondasun higiezin bakoitzari, indibidualki, balio bat ematea. Horretarako, metodo eta parametro teknikoak zehazten dira. Azken batean, Balorazio Txostena baloraziorako dokumentu teknikoez osatuta dago.
Txostenak aldatzeko bi baldintza betetzen dira Altsasun. Batetik, bost urte baino gehiagoko dokumentua dela, Altsasun indarrean dagoen txostena 2002ko apirilaren 26koa baita. Eta, bestetik, Udal Hirigintza Planean eremu jakinen erabilera eta aprobetxamendu baldintzak aldatu izana. Esaterako, Beikolarko Plan Berezia. “Azkenik, gerta daiteke, zenbait higiezinen katastroko balioa haiek Ogasunean duen balioa baino % 20 txikiagoa izatea. Beraz, Balorazio Txostena berrikusi beharra dago”, esan du Javier Ollo Martinez alkateak.
Higiezinen merkatuan prezioak behera egin dutela nabaria denez, Ollok dio “ondasun-higiezinen balorazio berrian merkatuaren errealitatea gakoa da, beraz, betebehar legala izateaz aparte politikoa ere bada, higiezinen katastroko balioak dituen administrazio ondorioengatik”. Balorazio Txostena egiteko udalerria zortzi eremutan banatu dute eta “aurreko txostenarekin alderatuta, orokorrean, lurzoruaren balioa txikitu egiten da, baina eraikuntzarena handitzen da. Salbuespena dira aurreko txostenetik Hirigintza Planean egindako aldaketek hartzen dituztenak, gehiago balio dutela”. Txostena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren alegazioak aurkezteko aukera izanen da. Horiek udaleko eta Nafarroako Gobernuko hiruna ordezkariz osatutako batzorde batek aztertuko ditu. Udala ordezkatuz alkatea, Manuel Bergera Ijurko eta Juan Manuel Perez Hurtado ariko dira. Alkateak esan duenez, “gainontzeko alderdiek ez dute parte hartu nahi izan”.
Inbertsioak
Bilkura berean Altsasuko Udalak erabaki zuen 3.800 euro bideratzea industrialdeen seinaleztapena egiteko. Bakoitzaren sarreran panel bana jarriko da, zeinak industrialdearen planoa eta dauden enpresen zerrenda izanen duen. Panelak egin aurretik enpresei haien kokapenari buruz duten informazioa bidaliko zaie, akatsik balego, egin aurretik zuzentzeko.
Bestalde, herrian panela jarriko du udalak Usolarrainen baleontzien ibilbidearen berri emateko, ziurrenik Baratzekobide plazako turismo bulegoaren ondoan. Horretarako 1.000 euro bideratuko ditu. Gainera, udalak 32.000 euro bideratuko ditu eszena-toki bat erosteko. Orain arte erabiltzen dena ere izaten segituko du, gainera, harendako toldoa erosi du. Aldi berean, eskolaz kanpoko jardueretan euskara sustatzeko asmoz udalak 2.700 euro bideratuko du. Aurrekontuen tramitazioan hori eskatuz mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, baina kontu-hartzailearen kontrako txostena zuen eta ez zen onartu. Orain aurrekontu emendakin gisa onartu da Geroa Baik proposatuta.
Ikastetxeekin lotura, udal taldeak jakinarazi zuen aurki haiendako deialdi zirriborroa aurkeztuko duela. Festa egitaraua ere onartu zuen udalak. Geroa Baiko Mª Carmen Otaegi Saez de Maturana zinegotziaren agurreko bilkura izan zen ere, legegintzaldi honetan eta aurrekoetan egindako lana eskertu zioten.