Hoidek Producciones taldea egoitza artistikoa egiten ari da Erriberriko Antzerki Jaialdiak irauten duen bitartean, herriko ikastetxe publikoko erabilera askotako aretoan. Susana Gutierrezen zuzendaritzapean, Susana bera, Vidal Ruiz eta Eva Azpilikueta aktore altsasuarra ariko dira lanean. Asier Zabalzak sortuko du musika. Ana Ibañezena izanen da eszenografia eta Bailamos RyRena koreografia. Carlos Sotelo Enriquezek, berriz, testua egokituko du.
Kixote laneko Martzela artzainaren pasartearen berrirakurketa moderno baten gainean eraikiko du. Espainiar literaturako lehen testu feministetakotzat hartzen den horretan oinarrituta II. Mundu Gerran AEBko emakumezkoek bizitako esperientzietara egokituko dute. Izan ere, gizonezkoak frontean zeuden bitartean gerrako industriako lanpostuak bete zituzten. Hainbat urtez gizonezkoen lan berak egin zituzten, inolako eragozpenik gabe. Baina gerra bukatzean gizarte matxistak ezarri zien jardunetara bueltatzera behartu zituzten, lanpostuak utzita. Hoidek-eko lantaldeak Marcelaren istorioa eta ibilerak XX. mendean kokatu nahi ditu. Horrek, jatorrizko istorioaren eraldaketa estetikoa ekarriko du berarekin.
Agorrilaren 5ean bukatuko du taldeak egoitza artistikoa eta publikoari behin-behineko antzezlana aurkeztuko dio, azalpenarekin eta jatorrizkoa jokatuz. Bigarren urtez jarraian, Erriberrik lanerako egoitza bat eskainiko dio Nafarroako antzerki talde bati, ikerketarako laborategi gisa planteatuta, sorkuntza bultzatzeko eta jardun eszenikoaren inguruan begirada berriak lantzea sustatzeko.