Otadiko Kristo Deuna Torneoa, ate joka

Guaixe 2017ko ira. 1a, 13:54
Aurreko urteko finalistak.

Bihar, larunbatean, 22:00etan, Altsasuko Burunda pilotalekuan lehen finalerdia jokatuko da eta irailaren 9an, bigarrena. Nobedade moduan, Huarte Iruñea, Irurtzun, Oberena eta Doneztebeko kluben arteko txapelketa izango da aurtengoa

Berrikuntzekin dator Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako Otadiko Kristo Deuna Torneoa. Orain arte klub ezberdinetako pilotariak lehiatzen ziren. Aurten, ordea, formatu berriaren alde egin du antolakuntzak, eta lau kluben arteko txapelketa izango da. Afizionatuen mailako torneo ezagun honek aurten XLVIII. edizioa izango du eta bi finalerdi eta final handia jokatuko dira.

Esan dugun bezala, SDAk lau pilota klub aukeratu ditu Altsasuko torneorako: Huarte Iruñea, Irurtzun, Oberena eta Doneztebe. Bihar, larunbatean, lehen finalerdia jokatuko da, eta Huarte eta Irurtzun lehiatuko dira, hiru modalitatetan: lau t´erdian, buruz buru eta binaka. Hurrengo finalerdian Oberena eta Doneztebe ariko dira, modalitate berberetan. Eta bi talde onenek final handia irailaren 15ean jokatuko dute, Altsasuko festetan. Jaialdiak zabaltzeko Altsasuko Pilota Eskolako pilotarien arteko partidak jokatuko dira.

XLVIII. Otadiko Kristo Deuna Torneoa
Lehen finalerdia: Irailaren 2an, larunbatean, 22:00etan, Burunda pilotalekuan:
Huarte / Irurtzun (lau t´erdian, buruz buru eta binaka)