Zubiondo elkarteak antolatutako garagardo azokak atzo zabaldu zituen ateak. Kokapen berrian, gainera: Baratzekobide plazan. Arkaitz Floresek esan digunez, "aurreko karpa txikia gelditzen zitzaigun. Handiagoa jartzeko tokiz aldatu dugu. Eta kokapen berria herri erdian dagoenez, jendearendako garagardo azokara etortzea erosoagoa izanen da". 200 m2 gehiago ditu karpak aurten, joan den urtekoaren bikoitza da, guztira 400 m2rekin.
Handik pasatzen denak iturriko edo botilako 16 garagardo dastatzeko aukera izanen du. Haietako bat berria. Gainera, txerri-ukondoarekin batera, patatak, saltxitxak, oilaskoa eta hanburgesak jateko aukera izanen da. Azken biak aurtengo menuko berritasunak dira. Azoka gaur 19:00etatik 00:00etara zabalduko ditu ateak. Bihar eta etzi 19:00etan zabaldu eta 03:00etaraino izanen da zabalik. Domekan, berriz, 19:00etatik 00:00etara.
Altsasuko aurreneko garagardo azoka 2003an antolatu zuten peñek. Haiei lekukoa Zubiondo elkarteak hartu zien eta, dagoeneko, 15. ediziora iritsi da.