Altsasuko Udalak joan den urtea 641.420,81 euroko superabitarekin itxi zuen. Aurretik zuenari gehituta, Altsasuko Udalak 1.793.173,71 euroko diruzaintzako gerakina du. Baina Aurrekontu Egonkortasun Legeak diru horrekin nahi duen guztia egiteko aukera mugatzen dio udalari. Hala ere, hainbat lan egitea erabaki zuen agorrilaren 11ko udal bilkuran. Haur eskola berriaren eta Auzobide kalearen artean 852 m2-ko plaza eginen da, egun dauden sei zuhaitzak errespetatuz. Urte akaberarako lanak eginak izanen dira eta 115.862,41 euroko aurrekontua dute lanek.
Bestetik, frontoiko tabernaren parean elurra kentzeko gatzak jandako porlana dago lurrean. Egoera kaxkarrean dagoen 400 m2-ko azalerako eremua konpontzeko 32.000 euro bideratuko ditu udalak. Eta 30.650 euro Otadian kirol anitzetarako gune bat prestatzeko. Beste 12.900 eurorekin Iruñea etorbideko espaloien zorua berritu zebrabide goratuen zorua berrituko dira. Horrela, joan den urtean hasitako lanei segida emanen zaie. Bi lan horiek udaleko langileek eginen dituzte.
Kaleetako zoruan dagoen asfaltoa ere berrituko ditu udalak, zehazki: San Pedrorako bideko zati bat (9.800 euro) eta Ondarria industrialdeko B kalea (46.600 euro).
Basoko pistak eta dermioko bideen egoera txarrari buelta ematen hasteko 2016an Otadi eta Mendizabalazpi konpondu bazituzten, aurten Otaibarren (14.529,84 euro) eta Basomutur (8.711,61 euro) bideen txanda izanen da. Guztira 23.241,46 euroko inbertsioa. Beikolarko pista konpontzea faltako litzateke.