Prestakuntza eta enpleguko programa integratu berriak antolatzeko Nafar Lansarek diru-laguntzen bigarren deialdi bat argitaratuko du astelehenean. Prestakuntza eta enpleguko programa integratu berriak dira, aurten abian jarritakoak. Langabeendako dira, eta prestakuntza, orientazioa eta lan-merkatuan sartzeko bideak barne hartzen dituzte. Nafarroako Gobernuak emandako laguntzarekin tokiko erakundeek, elkarteek, fundazioek eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuek, prestakuntza-zentroek edo enpresek susta ditzakete prestakuntza programa horiek. Haiek aukera izanen dute programa hori aurten edo heldu den urtean abiarazteko. Nafarroako Gobernuak 3,5 milioi bideratuko ditu programa horietarako 2017an eta 2018an; 1,23 aurten eta 2,4 heldu den urtean.
Orain hamar arlotan daude plazak: orga jasotzaileko gidari, zerbitzaria, gizarte eta osasun arreta, sukaldaritza... Zerrenda www.empleo.navarra.es web-orrian kontsulta daiteke, prestakuntza atalean, eta www.formacion.info webean. Parte hartzeko, enplegu-bulegoan izena emanda egon behar da.
Programaz
Iraupen luzeko langabeendako da programa hori. Parte hartzen duten pertsonek 2 eta 11 hilabete arteko iraupena duten saioetan ariko dira. Horietan, orientazio indibidualizatuak eragin handia du. Prestakuntzaren aurretik, prestatzen diren bitartean eta prestakuntza amaitu ondoren, parte-hartzaile bakoitzak tutore baten arreta pertsonalizatua jasoko du. Tutore horrek ibilbide-orri bat diseinatuko du laneratzea lortzeko. Horretaz aparte, langile horiek enpresekin jartzen dira harremanetan eta lan-eskaintzak jakinarazten dituzte. Lan-esperientziak antola daitezke enpresetan (lanekoak ez diren praktikak edo beste edozein kontratazio-modalitate).Bestalde, programan parte hartzea laguntzeko, erakundeek eguneko 12 euro arteko bekak eskaini ahalko dizkiete ikasleei.
Nafar Lansare iraupen luzeko langabeak lanean lehenago hasteko prozesuak areagotzen hasiko da. Horretarako, zerbitzu berri bat aterako du, prestakuntzari eta eskaintzei arreta handiagoa jartzeko.