Altsasuko Txirinbulo haur eskolaren mustutzea

Txirinbulo haur eskola prest

Guaixe 2017ko ira. 1a, 11:15

Umeek Altsasuko udal haur eskola berria asteartean mustuko dute. Maria Solana hezkuntza kontseilaria, Nafarroako Parlamentuko hezkuntza batzordeko eta udaleko ordezkariak presente zeudela erakunde mustutzea egin zen atzo.

Asteartea, 07:30etik 16:30era arteko zerbitzua eskainiz zabalduko ditu ateak Altsasuko udal haur-eskolak. Astegunetan eskainik du zerbitzua. Baina ohikoa denez, umeak inguru berrira egokitzeko prozesua izanen da hasieran. Ordu batekoa izanen da hasieran eta pixkanaka haur eskolako egonaldia luzatzen joanen dira. Oraindik izena emateko aukera badago. Plaza bakarra dago libre, 6 edo 7 ordukoa. Interesa duenak Altzania kaleko 24. zenbakitik pasatu besterik ez du egin behar.

2015eko irailaren 3ko sutearen ondoren egindako proiektuak 6 unitate eta 900.000 euroko aurrekontua zuen. Baina, Hezkuntza Departamentuak Altsasuko azken 10 urteetako jaiotzak eta matrikulazioak kontuan izanik, lau unitateko haur eskola egitea egokiena litzatekeela adierazi zuten. Txirinbulo berriak 1-2 urteko umeendako unitate bat izanen du, 2-3 urteetakoendako beste bat, unitate misto bat, bularreko umeendako unitatea eta jangela ditu. Azken hori eta sehasken gelak dira haur eskola berriaren zerbitzuaren berritasunak. Adinaren arabera banatutako hiru unitaterekin eta lau langilerekin hasiko du bere martxa asteartean, nahiz eta hiru hezitzaileak eta zuzendaria gaur bertan hasi diren.

Lanetarako Hezkuntza Departamentuak  250.000 euroko diru-laguntza eman dio udalari. Suteagatik aseguru etxetik udalak jasotakotik 285.270 euro lan horietara bideratu ditu. Diruzaintzako poltsatik dirua jarri zuen udalak 350.000 euro inguruko inbertsioa egiteko. Eskola altzariekin janzteko 72.000 euro  jarri zituen udalak, baina diru-laguntza jaso du horretarako ere.  

Langileak
"Guretako oso egun polita da. Beti pentsatu dugu hau izatea eta, lortu dugu," aitortu zigun atzo Rosa Goikoetxea Imaz haur eskolako hezitzaileak. Udal zerbitzua zazpi egoitzetan egon ondoren haiendako bakarrik zen behin betiko tokiarekin poz-pozik zegoen.

Behin-behineko moduluen erre berritan egoera "oso gogorra" izan zela gogoratu zuen Goikoetxeak. "Eskerrak egoteko tokia utzi ziguten: lehenik, ludotekan eta, ondoren, gaztetxokoan". Azken horretan, "dena egokitu zuten eta nahiko ongi egon gara. Txikia zen baina oso ongi moldatu gara". Pixkanaka gauzak argitzen joa zirela eta gurasoen laguntzarekin haur eskola lortu dutela gaineratu zuen, alkateak egindako lana nabarmenduz. Hala ere, udalarekin izandako harremanean denetarik izan dutela gaineratu du.

Adierazpenak
Maria Solanak hezkuntza kontseilariak esan zuen halako mustutzeak "albiste on-onak" direla, "aspalditik behar-beharrezkoa zen berme osoa emanen zigun haur eskola bat izatea Altsasun.  Urteetan, hamaika arrazoirengatik, ezin izan da lortu. Uste dut Nafarroako Gobernuak Altsasurekin aspalditik zorra zuela, urtetan ezin izan baitu zerbitzu hori bermatu". Txirinbulo berria udalaren eta gobernuaren elkarlanaren fruitu dela nabarmendu zuen.

Halako eskolek ematen duten zerbitzua azpimarratu zuen Solanak: "gainontzeko guztia garatzen laguntzen dute. Inportantea da kontziliaziorako;  jendea toki batean bizitzen erabakitzeko; lan merkatuari begira… Hortaz, apustua estrategikoa da, ez soilik hezkuntzari dagokionez".

Departamentuan argi dute 0-3 zikloa lagundu behar duela. Gaur egun udal asko haur eskolen ardura dute, baita beste batzuena Hezkuntza eta Ongizate Departamentuek. "Mapa nahiko banatuta dago. Badakit Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hausnarketa egin eta proposamen batzuk egin direla 0-3a berrantolatze aldera. Guretako hezkuntza etapa bat da, zalantzarik gabe. Horren arabera landu bideratu nahi ditugu ditugun baliabideak".  

Javier Ollo Martinez pozik zegoen atzo, "azkenean mustu ditugu Txirinbulo udal haur eskolaren instalazio berriak. Urte asko pasa dira, tramite asko egin dira, azkeneko bi urteetan batez ere, baina aurretik ere. Alkate asko pasa dira eta hau izan da beti guztiek egin nahi izan zuten proiektua eta, azkenean, 2017an lortu dugu".

Sutearen ondorioz udalean "zerbait egiteko garai aproposa" zela ikusi zutela azaldu du Ollok. Oduko hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozarekin harremana "oso ona" izan zela aitortu du alkateak. Antzekoa langileekin. "Ongi ikusi dute udalak nola lan egin duen sutea gertatu zenetik gaur egun arte".

Sutearen eta mustutzearen artean Txirinbulok gazte gunean hartu zuen egoitza eta, horretarako, moldaketa batzuk egin behar izan ziren Intxostiapuntan. Ollok jakinarazi digunez, espazioa Gazteria Zerbitzura bueltatuko da. Horregatik, eraikina lehengoratu eginen da eta lan horiek udaleko lantaldeak eginen du. Haur eskola hartzen duen eraikinak bigarren solairu bat badu eta alkateak azaldu duenez, "kolektibo edo elkarte asko daude eta askok udal instalazioren bat eskatzen dute euren jarduera aurrera eramateko. Nik uste dut horretarako toki aproposena hori dela. Hori bai, epe ertain edo luzera, inbertsio handia izanen delako". Azkenik, Ollok jakinarazi digu urtea despeditu aurretik haur eskolaren eta auzobide kalearen artean dagoen espazioan plaza bat egonen dela.

Arbizu eta Irurtzun
Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo osoa hartzeko eskola berriko lanak udazkenean hasiko dira Arbizun. Lan horrek "aspaldiko behar" bati erantzuten diola azaldu du kontseilariak.
Departamentuan, beharrak ikusita, "premiazkoenak zein diren ikusi eta horren arabera  ekiten dugu". Departamentuaren  lehentasun horietan Irurtzungoa "nahiko goian" dago. Hala jakinarazi zuen Solanak. Izan ere, Atakondoa eskola txiki gelditu da: 2010-2011 ikasturtetik moduluak daude, 0-3 urte bitarteko zikloa eskaini nahi dute eta horrekin batera, DBH osoa ere, gaur egun DBHko 2. maila eta gero Iruñera joan behar baitute ikasleek. Kontseilariak jakinarazi zuen udalarekin elkarlanean ari direla. Datarik zehaztu ez bazuen ere, esan zuenez, "nahiko genuke berandu baino lehen horri heldu".

Kronologia laburra

2015-09-03. Goizean ikasturtea hasi zuten 43 umek. Sutea 19:55 aldera piztu zen. Altsasuko eta Iruñeko suhiltzaileek sua 22:00etarako kontrolpean zuten. Materialaren %25 berreskuratu zen.

2015-09-04. Udala eta haur eskolako hezitzaileak kokapen berriak aztertu zituzten. Intxostiapunta bisitatu zuten. Arbizuko Kattuka eta Altsasuko Txioka haur eskolek euren burua eskaini zuen. Hezkuntza Departamentuko teknikariek Zelandi eskola bisitatu zuten.  

2015-09-07. Hezkuntza Departamentuko azpiegitura atalak Intxostiapuntako kokapenari oniritzia eman zion. Komunak egokitu eta pareta bat botako zituzten.

2015-09-08. Ataungo haurtzaindegia berritu ondoren erabiltzen ez eta egoera onean dagoen materiala jaso zen.

2015-09-09. Kangu ludotekak hartu ditu 43 haurrak. Adaptazio aldia han hilabetez eginen dute, Intxostiapuntako lanak despeditu bitartean. Lanak udaleko brigadak eginen ditu.

2015-09-10. Alkatearen eta hezkuntza kontseilariaren arteko bilera.

2015-09-28 Haur eskola Intxostiapunta gazte gunera aldatu zen.

2015-11-17 Txirinbuloko gurasoek sinadura bilketari ekin zioten, Nafarroako Gobernuari 2016ko  aurrekontuetan Altsasuko haur eskolako lanak egiteko diru sail bat bideratzeko eskatuz.

2015-12-17 Aseguru etxeak udalari suteagatik 342.793,51 euroko kalte ordaina emanen ziola jakin zen.

2016-01-18 Nafarroako Gobernuaren aurrekontu legeari aurkeztutako bi emendakin onartu ziren. Azkenean 250.000 euro jaso ziren legean.

2016-05-04 Altsasuko Udalak lanetarako 335.000 euro bideratzea erabaki zuen.

2016-09-28 Arbeloa eraikuntza enpresak dagoeneko lanak hasiak zituen.

2017-01-30 Lanak despeditu zirela jakinarazi zen.
 
2017-07-20 Ate irekien jardunaldia.

2017-09-05 Aurreneko eguna Altzania kaleko 24ko egoitzan.