Ezin zailago: kale-zirku ikuskizunak Altsasun

Guaixe 2017ko ira. 1a, 11:45

Nafarroako Zirku Jaialdiaren bost egoitzetako bat izanen da beste behin Altsasu. Jaialdiaren 16. edizioan lau zirku ikuskizunekin gozatzeko aukera izanen da. Guztia prest dago Iortiako zabalgunean bihar, 18:00etatik aurrera lau ikuskizun hartzeko.

Tuterak, Uharte Iruñeak, Vianak, Altsasuk eta San Adrianek bat egin dute eta bosten artean Ezin zailagoa, XVI. Nafarroako Zirku Jaialdia antolatu dute. Asteazkenean hasi eta igandera bitartean, herri batetik bestera egoitzaz aldatuko du jaialdiak. Altsasuk larunbatean hartuko du. Guztietan lau konpainien ikuskizunekin gozatzeko aukera izanen da.

Bost udalek euren beharrak eta aukerak batuz, sarean lan eginez antolatzen dute jaialdia, zirkuaren arloan erreferentziazko hitzordua bilakatuz Nafarroan.

Jaialdiaz
Nafarroan ibilbide luzeen duen kale-programazioetako bat da jaialdia. Baina ez du ibilbide gozoa izan. Krisiarekin aurrekontuak murriztu behar izan ziren eta haren jarraipena kolokan egon zen. Baina krisi betean, 2012an, aukera ere sortu zen: Zirku Pirinioak proiektuak finantzazio bide berria ekarri zuen. Europako diru-laguntzarekin aurrera segitu zuen jaialdiak, bere finantziazioa bermatuz, Europako zirku eredu berrietara zabalduz eta Nafarroako jaialdia nazioartean kokatuz. Europako proiektuak segida du, oraingoan Itsasotik itsasora, Zirku Pirinioak izenarekin.

Jaialdiak 48.800 euroko aurrekontua du. Baina Europako Feder laguntzei esker 33.600 euro pagatuko dituzte bost udalek. Gainera Kultura Departamentuaren bidez finantzatzeko aukera izanen dute.

Lau ikuskizunak

Txatarra
Bilboko Malas compañiasen antzerki-zirku ikuskizunaren osagaiak dira upelak, taulak eta tramankuluak; errutinak, ametsak eta partekatutako ahuleziak.Umorea, antzerkia, objektuen manipulazioa eta akrobazia; konformismo eta onespenetik urrun, inora daraman bidetik eramango gaituen ikuskizun dibertigarri bezain goxoa. 50 minutu.

Isla
Zaragozako D´Click konpainiak gorputza eta mugimendua oinarria duen lana dakar. Akrobaziak eta masta txinatarra, antzerkia eta dantza, zirkua eta arriskua edota magia eta ametsen arteko mugak irauliko dituzte. Guztia itsasoan galdu diren hiru pertsonen berri emateko. Elkarren beharra dute, euren istorioak berregin eta haien uhartearen mugak gainditu ahal izateko. 45 minutu.

Mundo de papel
Vol´e Temps konpainia Granadatik heldu da dibertigarria, goxoa eta oso bizkorra den istorio aztoragarri batekin. Umorez eta naturaltasunez zirkua, antzerkia eta dantza teknikak uztartzen dituzte. Ikusleak etengabeko joan-etorrien lekuko bihurtuko dira eta dirudien guztia ustea besterik ez da, baina guztia dirudiena da. Ikuskizun fresko eta jostagarria unibertso absurdo eta poetiko bat erakusteko. 50 minutu.

Flamenco vertical
Malagako Antonio Vargas Montiel ek bere sustraiak, ibilbidea eta esperientzia akrobazia eta flamenkoa batuz irudikatu ditu. Performancea, zirkua eta kabareta uztartzen ditu motza bezain bizia den ikuskizunak. Bere bizitza artistikoan landutako garaikidetasuna eta hain barruan duen flamenkoa pieza bakarrean batu ditu; bertikalean erakusten duen oreka fisiko definituaren bitartez maitasuna, grina eta askatasuna moduko emozio-egoerak adierazten ditu. 5:30 minutu.