Ostiralean Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) elkarteko presidente Jone Fresnedak eta elkarteko juntako kide Mañu Navarrok eta Felix Mazkiaranek, azken hau txirrindularitza sekzioko arduraduna, SDAk festetan antolatuko dituzten bi kirol ekitaldi aurkeztu zituzten: irailaren 15ean jokatuko den LXXXVIII. Altsasu Txirrindularitza proba eta larunbatean hasi zen eta irailaren 15ean despedituko den XXVIII. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa. Bi txapelketen xehetasun guztiak eman zituzten. Haiekin batera Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren zuzendari Ruben Goñi eta Altsasuko alkate Javier Ollo izan ziren agerraldian.
Otadiko Kristo Deuna Torneoa, nobedadeekin
XXVIII. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa larunbatean hasi zen. Aurten formatu berriaren alde egin du SDAk eta lau kluben arteko txapelketa izango da: Uharte Iruñea, Irurtzun, Oberena eta Erreka. Larunbatean lehen finalerdia jokatu zen eta Uharte Iruñea gailendu zitzaion Irurtzuni. Beste finalerdia larunbatean jokatuko da, 22:00etan, Burundan, eta Oberena eta Doneztebeko Erreka lehiatuko dira, 3 partidetan: lau t´erdian, buruz buru eta binaka. Final handia irailaren 15ean jokatuko da, Altsasuko festetan, 17:30ean.
Altsasu txirrindula probaren 88. edizioa
Felix Mazkiaranek eman zituen LXXXVIII. Altsasu Txirrindularitza probaren xehetasunak. Irailaren 15ean jokatuko da, goizeko 10:00etan SDAren egoitzatik hasita. SDAk antolatu du, Altsasuko Udalaren eta hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin. Afizionatuen mailako eliteak eta 23 urtez azpiko txirrindulari onenak lehiatuko dira bertan, eta lasterketak, ohi den bezala, Euskaldun Torneoa erabakiko du, torneo prestigiotsu honetarako puntuagarria den azken proba baita. Tartean izango dira Rural Kutxa talde sakandarreko txirrindulariak eta beste taldetan dabiltzan txirrindulari sakandarrak.
Estatuko proba beteranoena da Altsasukoa; Espainiako vuelta baina zaharragoa da. Aurten 88. edizioa da eta probak 124,3 km ditu. Probaren antzinatasunaren isla, kartelean 1960. urteko argazki bat jarri dute. Urte luze hauetan gerora txirrindulari handiak izan direnak aritu dira Altsasun: Valverde, Indurain anaiak eta beste asko.
Iazko aldaketak oso begi onez ikusi ziren, eta horregatik antolatzaileek, aurreko urtean bezala, lasterketa herritik ahal den gehienetan pasatzearen alde egin dute, “lasterketa festetan gehiago txertatzeko eta probak festetan eta herrian presentzia handiagoa izateko”. Horrela, txirrindulariak Altsasutik 10 aldiz pasako dira guztira eta Altamira bost aldiz gainditu beharko dute. Horretaz gain, Urdiaindik igerilekuetako bidea hartuko dute hirutan, San Pedrotik Altsasura heltzeko, eta azkeneko kilometroak Ameztian eta Ibarrean egingo ditu lasterketak, Sakana Lanbide Heziketa Institututik San Juan Kalera egingo baitu tropelak, bertatik Sociedad Deportiva Alsasuaren egoitzara, helmugara, iristeko.
Goñi proba historikoak aurkezteagatik “oso pozik”
Ekitaldian Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Ruben Goñi izan zen. Etxeberrikoak azaldu zuenez, “oso pozik nago Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako bi proba hauen aurkezpenean, aipatu bi proba hauek historikoak direlako. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako 28. edizioa da honakoa, eta txirrindulari afizionatuen Altsasu lasterketako 88. edizioa. Atera kontuak. Horretatik, proba hauek aurkeztea ohorea da”. Goñik Altsasuko Kirol Elkartearen eta Altsasuko herriaren “parte-hartzea” azpimarratu nahi izan zuen. “Parte-hartze horrengatik irauten dute bi proba hauek, besteak beste. Jarraitu dezatela parte-hartze hori bulkatzen eta animatzen eta kirola sustatzen, gazteen artean bereziki, gazteendako kirola oso onuragarria delako. Bestalde, gazteak ere joan daitezela erreleboa hartzen, klubetan laguntzen eta inplikatzen. Kirol Institutuaren lana kirol ekitaldiak sustatu eta antolatzen dituzuenak laguntzea eta babestea da, eta horretan jarraituko dugu” gaineratu zuen Ruben Goñik.