2012tik 2015era arte herriko eragile batek edo batzuen artean antolatzen zen Altsasuko festetako herri-bazkaria. Joan den urtean aldaketa izan zen eta eragileek beharrean altsasuar talde handi bat arduratu zen 800 pertsonendarenko herri bazkaria antolatzeaz. Eta aurten ere hala eginen dute irailaren 16an, larunbatean. Erronka handitu eta mila pertsona bildu nahi dituzte herri bazkarian.
Hura behar bezala prestatzeko sei batzorde daude lanean: azpiegitura, garbiketa, muntaia, desmuntaia, zerbitzatzea eta ontzien garbiketa. Joan den urtean lan taldeek oso ongi funtzionatu zuten eta berriro ere hala izan dadila nahi dute. Horregatik, herriko tabernetan eta Iortia kultur gunean herri bazkarian lan egiteko izena emateko orriak jarri dituzte. Dagoeneko izena eman duten guztiek gaur bilerara joateko deia egin dute. Eta bakarren batek auzolan handi horretan parte hartu nahi badu, oraindik ere izena emateko garaiz dagoela jakinarazi dute.
Mahaiak eta aulkiak
Joan den urteko herri-bazkariarekin 4.700 euro atera ziren. Bazkaltzera eseri zirenenek erabaki zuten irabaziak mahaiak eta aulkiak erostera bideratzeko. Jasotako diruak 350 pertsona biltzeko adina mahai eta 175 pertsonendarenko aulkiak erosteko eman du. Aurten izanen diren irabaziekin beste 175 pertsonendarenko falta diren aulkiak erosiko dira. Beraz, festen ondoren Altsasuko edozein taldek edo eragilek 350 pertsonendarenko bazkari-afariak antolatzeko materiala eskuragarri izanen du. Garagardo azokan mustu ziren erositako aulkiak eta mahaiak.
Baina aurtengo etekinak aulkiaz aparte beste zerbait erosteko ere emanen duenez, Altsasu Auzolanean Eraikiz taldekoek erabaki dute joan den urteko aukerak mantentzea. Beraz, herri-bazkarira joaten den guztiak, bere botoarekin, puzgarriaren, zinema proiektorearen (kalean edo leku itxietan emateko) edo musika ekipoaren (musika edo erromeria taldeei soinua jartzeko) alde egin beharko du. Taldetik azaldu dutenez, “kontuak berdin badoaz puzgarria zuzenean erosi ahalko dugu. Proiektorea erosteko beste urte bat beharko genuke eta musika ekiporako bi urte”.