Puntako saskibaloia Altsasun

Guaixe 2017ko ira. 8a, 12:50

Basket Navarra eta Iraurgi SB taldeen arteko lagunarteko partida hartuko du Zelandi kiroldegiak bihar, larunbatean, 17:00etan

Saskibaloi zaleek galdu ezinezko partida dute bihar ikusgai Altsasuko Zelandi kiroldegian. Altsasuko CBASK Saskibaloi Taldeak antolatuta, larunbatean 17:00etan hasiko den lagunarteko partidan Espainiako Zilarrezko LEB Ligan jokatzen duen Iruñeko Basket Navarra taldeak aurten mailaz igo eta Urrezko LEB Ligan jokatuko duen Iraurgi SB talde gipuzkoarra izango du aurkari. Iraurgi SB taldea Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako taldea da.

Aurreko denboraldietan Iñigo Zabalo altsasuarra Basket Navarra taldean aritzen zen, baina Iruñeko taldeak aurten ez dio kontratua berritu. Hortaz, biharko partidan ez dugu altsasuarra lanean ikusiko.

Irailaren bukaeran hasiko duten denboraldia prestatzeko partida izango da bihar Basket Navarra eta Iraurgi SB taldeek eskainiko dutena.