Fermin Muguruzaren azken diskoak Black is beltza” ASM sessions Irun Lion Zion in DUB (Vol. II) izenburua du (2016, Talka Recordsen eta Kasba Music). Berak, Harkaitz Canok eta Jorge Alderetek egindako Black is Beltza komikiaren erakusketa Bartzelonan jarri izanaren harira sortutako diskoa da Muguruzaren lan berria.
Izan ere, erakusketaren osagarri gisa antolatutako hainbat ekitaldi paralelo izan ziren joan den urteko udan. Horien artean Bartzelonako Arts Santa Monica zentroan egindako egonaldi artistikoa. Sortzaile irundarra Gerard Casajus, Chalart 58, musikari eta ekoizlearekin aritu zen. 2013an Manu Chaorekin egin zuten Jai Alai Katumbi Express biran elkar ezagutu zuten. Haiek sortutako dub oinarrien gainean abestu edo jo zuten, esaterako: Joan Garriga (La Troba Kung-Fu), Amparo Sánchez, Yacine Belahcene (Yacine & The Oriental Groove, Cheb Balowski), Madjid Fahem gitarrista (Manu Chao), Ander (Green Valley), BOCAdeBABA rap taldea, Amel Zen kantari aljeriarra, Maysa Daw Palestinako DAM taldeko abeslaria eta La Basu edota Aneguria euskal rap abeslariak.
Muguruza Altsasura Chalart 58ren eta Matahren lagunduta etorriko da. Biak ere La Kinky Beat taldeko kideak ziren, aurrena bateria jotzen eta bestea abesten. Iortia kultur guneko 299 sarreretako bat lortu ez duenak musika jaialdia entzun eta ikusteko aukera izanen du. Izan ere, Altsasuko auzipetuen alde lan egiten duen plataformak Baratzekobide plazan dagoen karpan pantaila erraldoia jarriko du emanaldia ikusteko. Gainera, barra ere izanen da. Karpan emanaldia segitzeagatik ez da sarrerarik ordaindu beharko.