Esateko asko duen Jainko sarkastiko eta ironikoa eszenan

Guaixe 2017ko ira. 8a, 14:21

Altsasuko Iortia kultur gunean "Obra de Dios" antzezlana jokatuko dute igandean, 19:00etan.

Twitter sare sozialeko @TheTweetOfGod kontuan jasotako istorioekin osatu zuen David Javerbaumek antzezlana, New Yorkeko Broadway hiribideko antzokietan mustu zena. Jainko sortzaileak egindako makina bat txantxa eta txiste biltzen ditu antzezlanak.

Izan ere, Obra de Dios lanean Unibertsoko jaunak, Zeruen eta Lurraren egileak, antzokia bisitatzen du bere hamar aginduak berridazteko. Gizateriak bere sorreratik egiten dituen galdera horien guztien erantzuna iritsi da azkenik. Zergatik sortu zuen Jainkoak Adan? Eva bekataria al zen benetan? Zenbat animalia sartu zituen Noek kutxan? Bibliaren protagonisten inoiz kontatu ez den benetako historia: Jesus, Abraham, Moises eta Steve Jobs. Gizakiak beti jakin nahi izan duen guztia, espazioaren eta denboraren erregeak eta bere arkanjeluek erantzunda.

Zineman eta telebistan makina bat proiektutan aritu den Mariano Peña aktore ezagunak eginen du Jainkoarena. Aldamenean bi arkanjelu izanen ditu, Chema Rodriguez-Calderon eta Bernabe Fernandezek. Hiru aktoreak Tamzin Townsend zuzendariaren esanetara ariko dira oholtzan. Eta handik hirurek publikoaren barrea sortuko dute.