Altsasuko segurtasuneko tokiko batzordean erabakitakoaren arabera, festetarako segurtasun zerbitzu berezia izanen da. Foruzaingoa eta Udaltzaingoa koordinatuki ariko dira festetan, 24 ordutan, antolatutako ekitaldiak behar bezala gara daitezen. Zerbitzu horren berritasuna peñen jaitsieran izanen da: Foruzaingoa arduratuko da Zumalakarregi eta Foru plazen arteko trafikoa bideratzeaz. Bestela, ohi bezala, hiri segurtasuneko kontrolak eginen dituzte festetan, droga trafikoa eta arma eta objektu arriskutsuen edukitzea atzemateko. Saltzaile ibiltariek halakorik duten ere aztertuko dute. Horrekin batera Altsasuko kirol elkarteak antolatutako bizikleta probaren 88. edizioan ariko dira foruzainak. Foru poliziak jakinarazi duenez, alkoholemia kontrolak asteburuan eta gauez areagotuko dituzte.
Festetarako segurtasun aholkuak
Foruzaingotik festetarako oinarrizko segurtasun aholkuak zabaldu dituzte. Etxean ez daudenean herritarrei etxea giltzez ixtea eta irisgarriak diren leihoak ixtea gomendatu du foru poliziak. Aldi berean, zorro-lapurren ebasketak eragozteko norberaren jabetzak uneoro adi zaintzeko eskatu dute. Azkenik, alkohola edo bestelako sustantzien kontsumoaren eraginpean daudela susmatzen dutenek ibilgailuak ez hartzea gomendatu dute. Kontrol puntutan aurreko etilometria probak egiteko aukera izanen dela gaineratu dute. Azkenik, Foruzaingotik azaldu dutenez, “polizia intereseko edozein susmoren aurrean 112 telefonora hots egin, patruilak bidaltzeko, hobe baita alarma faltsua delitua egin denean esku-hartzea baino”.