Altsasuko festak: festaren eztandak utzi zuena

Guaixe 2017ko ira. 14a, 07:42

Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeko jokalari altsasuarrak piztu du festei hasiera ematen dien etxajua. Aurten PSOEri zegokion ardura eta Juan Migel Perez Hurtado zinegotzi sozialistak azaldu duenez, emakumezkoei ikusgarritasuna emateko etxajua pizteko ardura uztea erabaki zuten. Emakumezkoen kirolari garrantzia eta ikusgarritasuna eman nahi izan diote horrela.

Altsasuko festen hasierako etxajua piztu zuen aurreneko emakumea PSOEkoa izan zen. Ardura hori Maite Llena zinegotziak hartu zuen 1987an. Udal hautetsi batek herritar bati festen aurreneko etxajua pizteko ardura utzi zion aurreneko urtea, berriz, 2003an izan zen. Alkatetzan zegoen Aralarrek euskarazko egunkariaren alde lanean aritu zen altsasuar taldeari eman zion ardura. Eta haren izenean Alberto Barandiaranek piztu zuen festen hasierako etxajua. Kazetari altsasuarra Euskaldunon Egunkariako Nafarroako ordezkaria zen Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Civilak euskara hutsezko egunkaria itxi zuenean, 2003ko otsailaren 20an. Berria egunkariko Nafarroako ordezkaria zen Barandiaran etxajua piztu zuenean.