Iraileko gurutzera zaharberrituta iritsi da Otadiko Kristo Deuna ermita. Maiatzean hasi ziren zaharberritze lanak eta joan den astean despeditu ondoren gogoz lan egin behar izan dute festetako egun seinalatura behar bezain garbi iristeko. Gaur goizean hiru meza hartuko ditu ermitak, 09:00etan, 11:00etan eta 13:00etan. Rafael Aiarra apaizak jakinarazi digunez, “orain arte ezin izan direnez egin, festetako elizkizun guztiak ermitan eginen dira”. Izan ere, lanengatik maiatzetik iraila bitarteko goizeko meza guztiak eta bederatziurrena elizan egin behar izan dira.
Abenduan agertu zen itajura batek teilatua egoera txarrean zegoela agerian utzi duen. Baina eliz barrutiko arkitektoaren azterketak bobedari eusten zion egitura egoera kaxkarrean zegoela agerian utzi zuen. Badaezpada ere eraikina ixtea erabaki zuten orduan. Maiatzean hasi ziren lanean eta bobedak kentzean XVI. Mendeko margoak agertu ziren. Haiek zaharberritzea eta megafonia eta argiteria berritzeak aurrekontuari 14.000 euro gehitzea ekarri zuen. Guztira 90.000 euro Altsasuko fededunek ordaindu dutena. Lanen ondoren, ermitatko teilatuaren zurezko egitura agerian gelditu da.
Bestalde, gaurko egunarekin despedituko dira maiatzeko gurtzetik Altsasun eguerdiro entzun diren ezkila-errepikak.
Ermitaz
Kanpo santura itsatsia dagoen eraikinak bi zati ditu. Burua, erretaula hartzen duena, zaharrena da. Hasieran, XVI. mendean, guruztoki edo kapera irekia izan zen eta puntu erdiko arku batetik sartzen zen. Jatorrizko eraikuntza horri egungo harlanduzko nabe lauki-luzea gehitu zioten. Ermitaren barruan burdin hesi barroko batek burua eta erantsitako nabea bereizten ditu. Ermitak XVIII. mendeko erretaula barrokoa du. Andra Maria doloretakoa, San Juan haurrarekin eta gurutziltzatutako Kristoaren irudia du erdian. Gainean, aita eternoaren irudia dago.
Auñamendi Eusko Entziklopedian Kristoaren irudiaren egileak bi izan daitezkeela aipatzen da. Alde batetik, 1599an hil zen Juan de Iriarte eskultore altsasuarra. Bestetik, Altsasun bizi izan zen Pierres Picart irudigile frantziarrarena izan daiteke. Azken horrek egin balu zaharragoa litzateke irudia. Debozio handia izan zaio Otadiako Kristo deunari urtetan. Sakanako makina bat herrietatik joaten zen jendea ermitara gaurko egunez.
1719Ko agorrilaren 12an miraria ere egin omen zuen, hildako haur bat sagar bila piztu zenean. Horren berri ematen du Altsasuko Santo Kristori kantuak. Maiatzeko eta iraileko gurutzetan, 3an eta 14an, egiten dira erromeriak ermitan.
Altsasuko Santo Kristori
Zeruetatik etorriya da
Maitasunez beterik
Gure Altsasuko-Otadien
Dagon Kristo besuak zabalik.
Juan Frai Santubak ikusi zuen
Urrutikan argiya,
Beriala pensatu zuen
Au zala milagro aundiya.
Larunbatero etortzen zaigu
Zerutatik argiya,
Antxen egiten dituala
Milagro ikusgarriya.
Juan Frai Santubak bota izan zuen
Sagarra Ermita barrena,
Juakin San Roman bisturik
Lasterkan juan zan argana.
San Joakin eta Santa Ana dira
Birgiñarentzat Aita eta Ama,
Guk ere eduki dezagun
Deboziyua aingana.
Nere gendiak, artutzen badegu
Biotzaz deboziyua,
Etzaigu, ez, faltatuko
Zeruan palaziyua.