Bihar, ostiralean, goizeko 10:00etan Sociedad Deportiva Alsasuaren egoitza paretik abiatuko da 88. Altsasu Txirrindularitza Proba. Espainiar estatuko proba beteranoena da, Espainiako Vuelta bera baino zaharragoa, SDAko arduradunek nabarmentzen duten bezala. Afizionatuen mailako txirrindulari onenak bilduko dira, Altsasuko probak Euskaldun Torneo ezaguna erabakitzen duelako, azken proba puntuagarria baita.
Urte luze hauetan gerora txirrindulari handiak izan direnak aritu dira bertan: Indurain, Lejarreta, Valverde… eta, jakina, baita txirrindulari sakandarrak eta altsasuarrak ere. Baina soilik altsasuar batek lortu izan du orain arteko 87 urtetan proba irabaztea: Martin Zelaia Zufiaurrek. Egun 80 urte ditu altsasuarrak, eta 23 urte zituenean irabazi zuen, 1960. urtean. Horregatik eta beste hainbat arrazoiengatik SDAk Martin Zelaia omenduko du biharko lasterketan, sari emate ekitaldian. Horrekin batera, aurtengo kartelelerako Zelaiaren garaipenaren urteko argazki bat aukeratu dute.
15 urterekin hasi zen
Omenaldi xumea pozik hartu du Martin Zelaiak. Txirrindularitzan aitzindarietako bat izan zen garai haietan. 15 urte zituela hasi omen zela adierazi du Noticias de Navarra egunkarian egindako artikulu batean. Inguruetako probatan parte hartzen hasi zen eta ondoren Iruñea, Donostia... eta halakoetan parte hartzen hasi zen. Horretarako tarteka baimena eskatzen zuen lan egiten zuen zerrategian. Eta uzten ziotenean, trenean joaten zen lasterketetara. 17 urterekin eszedentzia eskatu zuen, txirrindularitzan aritzeko. Zelaiak kontatzen duenez, ongi zihoazkion gauzak, baina osasun arazoekin hasi zen, indarrik gabe geratzen. Solitaria deritzon gaitza omen zuen, infekzioa. Tartean Sunsundegin ere lan egiten hasi zen eta, azkenean txirrindularitza utzi zuen.
Martin Zelaia 1970 hamarkadan Burunda Txirrindularitza Klubeko sortzaileetako bat da, lehen zenbakia duen bazkidea da. Txirrindularitza sustatzeko lan asko egin izan du eta bere bi semeak ere txirrindulariak izan ziren. Horietako bat, Carlos, Kaiku taldean aritu zen eta Altsasu Proba irabaztear egon zen bitan, 1991 eta 1992 urtetan bigarrena sartu baitzen.
10 aldiz pasako da Altsasutik
SDAk aurreko urtean probaren ibilbidea aldatu zuen, festetan gehiago txertatzeko. Arrakasta izan zuenez, ibilbide bera izango du aurten, 124,3 km-koa. Bihar, goizeko 10:00etan SDA-tik aterata, lasterketa 10 aldiz pasako da Altsasutik eta hirutan Urdiaindik San Pedroko bidea hartuko du. Helmuga ere SDA-ren egoitza izango da, ordu batak inguruan.
Kategoria txikikoak larunbatean
Kategoria txikikoek lasterketa izanen dute Altsasuko festetan. Larunbatean izanen da, 16:00etan. Ginkana eta sari ematea Zumalakarregi plazan izango dira eta lasterketa inguruneetatik eginen dute.