Lasa, Ezkurdia eta Zabaleta, Altsasun

Guaixe 2017ko ira. 14a, 12:52

Ezkurdiak eta Zabaletak elkarrekin jokatuko dute.

Igandean, 17:00etan, pilota jaialdi bikaina antolatu du Aspek

Altsasuko festetarako pilota jaialdi ederra antolatu du Aspek, eta bertan Eibarko enpresaren pilotari sakandarretako batzuk ariko dira lehian.
Jaialdia zabaltzen duen partidan Adur Lasa ariko da. Etxarrikoak Jakarekin osatuko du bikotea, Mendizabal III.ren eta Erostarberen kontra aritzeko. Eta ondoren iritsiko da partida nagusia, goi mailakoa: Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak bikoa osatuko dute, Altuna III.aren eta Larunberen kontra jokatzeko.

Sarrerak salgai daude, aurretik, 661 259 009 telefonoan. Igandean, 12:30etik 13:30era eta 16:00etatik aurrera zabalduko da txarteldegia.

Ezkurdia eta Zabaleta, San Mateotara
Igandean abiatuko da udako pilota torneotako feria ezagunenetako bat, Logroñoko San Mateo feria. Berrikuntza garrantzitsua dakartzate San Mateoek: Aspe eta Asegarceko pilotariak elkarrekin jokatuko dute, nahastuta.

Irailaren 17an hasi eta 24an despedituko dira San Mateoak. 6 bikote lehiatuko dira, bi multzotan banatuta. A multzoan Altuna III.a-Untoria, Victor-Rezusta eta Bengoetxea VI.a-Merino II.a ariko dira eta B multzoan Irribarria-Urrutikoetxea, Olaizola II.a-Zabaleta eta Ezkurdia-Albisu. Zalantzarik gabe, normalean elkarrekin jokatzen ez duten bikoak elkarrekin aritzea ikusgarria izanen da.

Joseba Ezkurdia eta Jon Ander Albisu astelehenean sartuko dira lehian, 19:15ean. Irribarria eta Urrutikoetxea izango dituzte aurkari. Ezkurdiak adierazi duenez, Albisuk “asko jokatzen du” eta berarekin “oso gustura” aterako da kantxara. Galtzaileek Olaizola II.a eta Zabaleta izanen dituzte zain asteazkenean, 19:15ean, eta irabazleek ere Olaizola II.aren eta Zabaletaren kontra jokatu beharko dute, ostiralean, 19:15ean.