Ordutegi aldaketekin heldu da Iortiako zinema sasoia

Guaixe 2017ko ira. 20a, 18:57

Aldaketa nagusia da ostiraletako forum emanaldiak desagertu eta igandetan bitan emanen direla.

Altsasuko Iortia kultur guneko 2017-2018 zinema denboraldiak Abracadabra komediak mustuko du. Ikuslearen egunean (3 euro) emanen dute, bihar. Etzi 22:00etan ikusteko aukera izanen da berriz, eta, azken aukera, igandean izanen da. Baina orain arte baino 40 minutu lehenago hasiko da emanaldia, 19:30ean. Aurreko ordutegiarekin irteera ordua berandutzen zela eta ikusleen eskaerei erantzunez aldatu du Altsasuko Udaleko Kultura Zerbitzuak gaurkotasuneko filmaren igandeko emanaldi ordua.

Familiarteko zinema emanaldiak lastailaren 1ean hasiko dira, ohiko ordutegian: igandean, 17:00etan (3,5 euro, aurretik 3). Eta ferien ondoren, lastailaren 22an hasiko da forum-zinemaren emanaldiak. Eta hor bai aldaketa handiak izan direla. Hasteko, ostiraleko emanaldia kendu egin da ikusle gutxi joaten zirelako; 13 pertsona bataz beste emanaldi bakoitzean. Egile-zinema ikusi nahi duenak igandean bi aukera izanen ditu: 17:30ean eta 19:40ean hain zuzen ere.

Ikuslegoaren analisia
Aurreko zinema denboraldian 14.431 ikusle izan zirela jakinarazi du Altsasuko Udaleko Kultura Zerbitzuak. Joan den urtean baino %27 gehiago eta azken 10 urteetako publiko daturik onena da hori. Ikusle kopuru horren igoeraren atzean dago denboraldiaren luzatzea. Eskaintza familiarteko 5 film eta gaurkotasunezko 8 film gehiagorekin handitu zen. Emanaldi motari erreparatuz gero, familiarteko zinemaren publikoa % 60 hazi zen eta helduendako saioak % 17. Hala ere, zehaztu beharra dago benetako igoera gaurkotasunezko filmetan eman zela, % 25 batean, forum emanaldietako publikoak % 18 jaitsi zelako.

Zinemara joan zen publikoaren %64 gaurkotasunezko filma ikusi zuen, emanaldiko 240 pertsona, bataz beste. Familiarteko filmen publikoa %28 izan zen, 195eko bataz bestekoa. Eta, azkenik, zine-klubaren eskaintzak ikusleen % 8 bildu zituen, 65 ikusle emanaldiko.

Sasoi berrian ere abonamenduak erosiz dirua aurrezteko aukera izanen da: 8 sarrera 30 eurotan (bi hilabeteko iraupena, gehienez bi sarrera filmeko), 5 sarrera 20 eurotan (hilabeteko iraupena, gehienez bi sarrera filmeko) eta 3 sarrera 12eurotan (hilabeteko iraupena, pertsonala).