Altsasuko festetako ostiral arratsaldean jokatu ziren Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 28. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko finalak. Burunda pilotalekuan bildutako pilota zaleek giro polita eraman zuten frontoira eta Uharte Iruñea edo Oberena, zeinek irabaziko zuen, hori zen koxka. Izan ere, aurten formatuan aldaketa egin zuen SDAk eta kluben arteko txapelketa izan da Altsasun jokatu dena. Baina torneoko finala hasi baino lehen, Pilotajaukuko pilota eskolako gaztetxoen arteko finala jokatu zen. Partida politan, Agirretxeri eta Ulaiarri 6 eta 18 irabazi zieten Olabidek eta Ortigak.
Torneoko finalean, lehendabizi lau t´erdiko finala jokatu zen. Uharte Iruñeko Espinalek eta Oberenako Canabalek partida oso entretenigarria eskaini zuten. Hasierako tartean Oberenako pilotaria joan zen aurretik, baina bukaera aldera, 11 eta 16 atzetik joan eta gero, 16ra berdindu zuen Espinalek eta, azkenean, 18 eta 16 irabazi zion Canabali, 38 minutu iraun zuen partidan.
Torneoa irabazteko buruz buruko partida irabaztera behartuta zegoen Oberenako Jamar, baina Uharte Iruñeko P. Etxeberriaren kontra ezin izan zuen ezer egin. 20 minutu eskasetan Etxeberria Jamarren gainetik pasa zen, eta sakez 8 tanto egin eta partida agindu eta gero, 18 eta 5 hartu zuen menpean.
Beraz, torneoa irabazita zuela ekin zion Uharte Iruñeak torneoko azken partidari, binakakoari. Asier Ansa altsasuarrak eta Cordónek Oberena ordezkatu zuten eta Yoldik eta Peñasek, aldiz, Uharte Iruñea. Yoldik eta Peñasek bikote oso sendoa osatzen dute eta euren kontra aukerak izateko oso ongi ibili behar da. Ansak eta Cordonek ez zuten asmatu. Yoldik 8 tanto egin zituen sakez eta Uharte Iruñeko bikoa izan zen jaun eta jabe. Azkenean, 22 eta 8 irabazi zieten Ansari eta Cordoni.
Aurre finaletan ongi aritu ziren Oberenakoak, baina finalean ez zuten euren maila eman. Beraz, Altsasuko txapelak Uharte Iruñera egin zuten bidaia.
Zubietari eta Irujori omenaldia
Torneoa bukatuta eta sari ematea hasi baino lehen, SDAk omenaldia egin zien aurten erretiroa hartu zuten Aitor Zubieta atzelari etxarriarrari eta Juan Martinez de Irujo aurrelari handiari. Bi txapeldunei aurreskua dantzatu zieten eta oroigarriak eta opariak jaso zituzten. Aldi berean, omenduek Pilotajaukuko pilotari gaztetxoei Altsasuko torneoan parte hartzeagatik trofeoak banatu zizkieten, txikienen gozamenerako. Eskertuta eta hunkituta jaso zuten Altsasuko pilota zaleen omenaldia.
Sari ematea
Bukaeran sari ematea izan zen. Tartean zeuden SDAko ordezkariak, Ione Fresneda presidentea buru. Baita ere Altsasuko alkate Javier Ollo, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Ruben Goñi, Nafarroako Pilota Federazioko ordezkariak eta beste. Guztiek hartu zuten parte sariak banatzeko ekitaldian, Aitor Zubietarekin eta Juan Martinez de Irujorekin batera.
Argazkiak: SDA.