Jatorri eta kultura desberdinetako altsasuarren topagune izan asmo du Munduko Arrozen topaketak. Altsasuko festen barruan hirugarren aldiz antolatu zuten Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuak, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta herri mugimenduak. Zubeztia plazako karpan jarri ziren arroza Bulgaria, Ekuador, Maroko, Sahara eta Altsasuko eratara prestatzen. Ganbia eta Senegalgoez arduratu behar zirenak, azken unean, ezin izan zuten joan.
Sukaldariak 11:00etan jarri ziren lanean. Batzuk barazkiak garbitzen eta txikitzen eta besteak haragia xehatzen eta ontzen. Guztiek arroza egin zuten, cous-cousa prestatu zuten Marokoko altsasuarrek ezik. Sahararrek ere datilak ahutz koipearekin eta tea dastatzeko eskaini zuten. Arrozak prestatu bitartean sukaldariengana hurbiltzen zirenak haien azalpen gogotsuak jasotzen zituzten. Hasieran jende gutxi pasa zen karpatik, baina dastaketa ordua iritsi ahala gero eta gehiago izan ziren. 400 bat platertxo banatu zituzten.
Dena ez zen jatea izan. Maksin eta Manuel magoen ikuskizuna izan zen. Haurren txokoan puzleak osatu eta tailerretan parte hartzeko aukera zuten. Sakana Harrera Haranako kideak ere euren salmahaia eta argazki erakusketa jarri zuten.