Altsasu auzolanean eraikiz leloari segituz, bigarren urtez segidan makina bat boluntario altsasuarrek festetako herri bazkaria antolatu zuten. Adin guztietatkoak, gazteak eta helduak. Mila pertsonari eman zieten jaten. Ederki asko gainera. Herrian erositako produktuekin prestatutako bazkaria izan zen. Eta irabaziak zertara bideratuko ziren bazkalburuan jakinarazi zuten. Jakina zen bezala, joan den urteko erosketa osatzeko 175 pertsonarendako aulkiak erosiko dira eta, horrekin batera, musika ekipoa ere. Aipatu beharra dago herri bazkariko antolatzaileek sortutako hondakinak egoki birziklatzea lortu zutela, Altsasun hondakinak egoki sailkatzeko gaitasuna badagoela erakutsiz.
Agurra
Festen akaberako hitzaldian Javier Ollo Martinez alkateak eguraldia hizpide, “momentu batean edo bestean toki estalia iritsiko dela” esan zuen. Herriko festak herria egiteko, elkarbizitzarako tresna egokia direla nabarmendu zuen atzera ere. Alkateak egitarauetako jardueretan parte hartzeagatik eskerrak eman zizkien altsasuarrei. “Kaleetan festa giroa zabaltzen laguntzeagatik” peñendako, herri bazkaria posible egin zutenendako eta erraldoi eta buruhandien konpartsako kideendako esker oneko hitzak izan zituen. Angel Iriarte, Potaje, musikaria ere gogoan izan zuen.
Festa Altsasuko erakusleiho onena dela ziurtatu zuen, eta “ez imajinazioak sortutako marrak banatutakoa”. Azken hilabeteak ez direla inorendako errazak izan gaztigatu ondoren, altsasuarren “heldutasunak garenaren adierazle da. Onenean eta txarrenean jokatzen dakien herri baten ordezkari izatea ohorea da”.