Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusi Fernando Perez Gomezek ebazpen bidez jakinarazi du Altsasuko bargan dagoen monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea ireki dutela. Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat dator proposamena. Izan ere, araudi horrek ondasun higiezin inbentariatuen babeserako kontserbaziorako neurririk egokienak zehazten ditu. Halako eraikin bat inbentariatzen den momentuan berari buruzko zehaztapenek lehentasuna dute hirigintza-planetan.
Gainera, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean jasotzen denez, eraikinen inguruan haien hondamena eta ikusmira galaraziko dutenak eraikitzea. Horregatik, Altsasuko Udalak izendapenaren berri jaso du. Bihartik aurrera 30 eguneko epea izanen da ebazpenari alegazioak aurkezteko. Dorreak aurretik Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sartua dago, 5449 fitxa zenbakiarekin eta “2” kalifikazioarekin. Aldi berean Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dago jasota, 0931010008 kodearekin. Altsasuko Udalaren 2002ko hirigintza-plangintzak 2. mailako babesa eman zion.
Telegrafo optikoa
Altsasuko Basaluzeko dorrea telegrafia optikoko Madril-Irun linearen parte da. Linea hori 1844tik 1846ra bitartean eraiki zuten, eta Nafarroan hiru dorre ditu: Ziordian eta Altsasuko Engara dermioan. Telegrafo optikoa Frantzian asmatu zuten XVIII. mendearen bukaeran. Espainian linea labur batzuk eraiki ziren XIX. mendearen hasieran. 1844. urtean telegrafia optikoko sare bat bultzatu zen, baina bakarrik hiru linea eraiki ziren: Gaztelakoa (Madrildik Irunera, Valladolidtik igaroz), Kataluniakoa (Madrildik Portboura, Valentziatik eta Bartzelonatik igaroz) eta Andaluziakoa (Madrildik Cadizera). Bizitza laburra izan zuten, berehala telegrafo elektrikoa instalatu baitzen. Madril-Irun linea 1855. urtetik aurrera ez zen gehiago erabili. Dorreak abandonatu ziren, eta horietako asko desagertu dira edo oso hondatuta daude. Zenbait dorre zaharberritu dira.
Altsasuko Mendigoizaleek eta hainbat herritarrek garbitu zuten 2011n.
Dorreek diseinu espezifikoa dute, bi ezaugarri hauekin: telegrafo optikoaren seinaleen mekanismoa dorrearen gailurrean dago, eta defendatzeko gaitasuna dute borrokan ere komunikazioa ez eteteko. Jose María Mathé koronelak diseinatu zituen Madril-Irun lineako dorreak. Izan ere, berari esleitu zioten linea horren eraikuntza. Horretaz aparte, ondoko dorreekin ikus-kontaktua ahalbidetzen zuen eremu batean kokatu behar ziren. Kokaleku eta itxuragatik “gaztelua” leku-izena eman diote. Horixe gertatu da Basaluzeko eta Ziordiko dorreekin (azken kasu honetan “telegrafoa” izenaz ere ezagutzen da).
Basaluzeko dorreaaren altitudea 675 metrokoa da (160 metrokoa ibarraren hondotik), eta Urbasa menditik (1185 m) jaisten den adar batean dago. (UTM koordenatuak: X:568.198, Y:4.747.914). Hormak osorik ditu, baina egitura horizontala eta zurajea galdu ditu. Telegrafiako linea horren aurreko dorrea Ziordikoa zen (UTM koordenatuak: X:563.503, Y:4.747.694). Hura hondatuta dago, eta bakarrik hormen behealdearen zati bat du. Dorre horren altitudea 659 metrokoa da, eta ibaiaren beste aldeko mazelan dago, Basaluzeko dorretik 4.696 m-ra. Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dago jasota, 09310730005 kodearekin.
Linearen hurrengo dorrea Engarakoa da (UTM koordenatuak: X:565.535, Y:4.751.089). Erabat eroria dago, ia galduta. Dorre horren altitudea 730 metrokoa da, eta muino bakartu batean dago, Altsasuko ipar-mendebaldean, Basaluzeko dorretik 4.696 m-ra. Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dago jasota, 0931010007 kodearekin.Gaur egun ez dago ikus-kontakturik dorre horien eta linearen hurrengo dorreen artean (Mezkiako San Juan dorrea eta Etzegaratekoa, biak galduta), dorreen egoeragatik eta inguruneko zuhaitzak hazi direlako.
Ondarea
Ondare Arkitektonikoaren Atalak Basaluzeko dorrearen planoak marraztu zituen aurtengo garagarrilean, balio arkitektoniko handia baitu eta hiru dorreetatik zutik dirauen bakarra delako.
Dorreak oinplano karratua du. Inguruneko kareharriz egina dago. Zimendua harlanduxkoz egina dago. Horren gainean zokaloa dago, 7,05 m zabal eta metro bat gora. Pikotxez landutako harlanduek osatzen dituzte zokaloaren hiru ilarak. Behealdeko gorputza ezpondatuta dago. Harlangaitzezkoa da, eta pikotxez landutako harlanduzko kateak ditu ertzetan. Hiru saietera daude alde bakoitzean, txaranbelduta, harlanduxkoz inguratuak, 0,65 × 0,35 m-ko baoa dutenak altxaeran eta 0,32 × 0,07 m-koa barrualdean. Gorputz horren gainean zerrenda formako irtenune bat dago, 0,28 m-ko altuerakoa, ongi landutako harlanduz egina, dorre osoa bezala. Dorrearen gorputz nagusiak 6,35 m-ko alboa du (5,05 m-koa barrualdean) eta 6,65 m-ko altuera. Zokalo leuna du, ia irtenunerik gabe. Horma-atalak definitzeko, zerrenda zabal leunak ditu ertzetan eta zerrenda mehe bat erremate gisa. Beste zerrenda batek horma-atalak bi zatitan banatzen ditu. Hori guztia harri landuz egina dago. Erremate gisa erlaitz sendo bat dago, kabeto formakoa, eta karel baxu bat, guztira 0,80 metroko altuera duena. Horma-atalak harlangaitzezkoak dira, eta karezko emokaduraren hondarrak daude. Lau aldeetako solairu bakoitzean leiho angeluzuzen handi bana dago (1,52 × 1,02 m-ko baoa), zerrenda formako perimetro-irtenunea duena. Hegoaldeko aldean, beheko solairuan, ate bihurtzen da, goian. Barrualdea harlangaitzezkoa da, eta kareorezko emokaduraren zati bat du oraindik, baita zurezko leihoburuak ere. Galdutako forjatuen horma-zuloak ikusgai daude.
Oso gutxi ezagutzen da eraikin horiei eta estazio telegrafiko gisa zuten funtzioari buruz, ez eta telegrafia optikoari, bere lineei eta sortu ziren aroari buruz ere. Gaur egun eraikin gutxi daude nahiko osorik, eta, zorionez, Basaluzekoa da horietako bat. Hala ere, ia ez dago izan zuen funtzioaren arrastorik.
Dorre horiek ikus-komunikazio sistema baten lekukotasun materiala dira, garai historiko zehatz labur batean asmatua eta erabilia. Hein batean, Erdi Aroko mugaldeko dorreen artean izan zitezkeen ikus-komunikazioko oinarrizko formulak oroitarazten dizkigute. Ikus-komunikazioko beste sistema bat banderena da, nautikan erabilia, egun ere bai.
Telegrafo elektrikoa sortu zen eta telegrafo optikoaren tokia hartu zuen. Telegrafo optikoaren bizitza laburra izan zen, baina aurrerabidearen mugarria izan zen komunikazio arlo horretan. Zutik dirauten telegrafia optikoko dorreak lekukotasun materialak dira, eta balio kultural nabarmena dute, historia horren mugarri bat gogorarazten dutelako.