27 urteko emakumezko altsasuar batek sexu-eraso larria salatu zuen joan den urteko kinto ospakizunetan. Azaldu zuenez, otsailaren 6ko goizaldean izan zen sexu-erasoa, Foru plazako taberna bateko komunean. Emakumezkoak salatu zuenez, 36 urteko gizonezko altsasuar bat bere atzetik komunean sartu eta han erasotu zuen. Guardia Civilak ikertu zuen salaketa.
Nafarroako Lurralde Auzitegiko 1. epaitegian izan da epaiketa asteartean eta asteazkenean. Atzo DNA teknikari bat ezin izan zuelako joan eten egin zen eta hurrengo egunetan segituko du. Fiskaltzak sexu-erasoagatik gizonezkoarendako 9 urteko espetxe zigorra eta 5.000 euroko kalte-ordaina eskatu ditu eta beste 270 euroko kalte-ordaina emakumezkoari lesio-arinak sorrarazteagatik. Epaiketan gizonezkoak sexu-erasorik egin izana ukatu zuen, eta emakumezkoak salaketa berretsi zuen.