Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak azken herri horretako materia organikoa jaso eta kudeatzeko 5. edukiontzia jartzea adostu zuten. Baita helburua zehaztu ere: urte akaberarako gaikako bilketa egungo % 27tik % 65era igotzea. Bosgarren edukiontzian materia organikoa botatzea borondatezkoa izanen da eta hala egin nahi duten altsasuarrek izena eman beharra dute. Baina oso altsasuar gutxik eman dute izena. Bi erakundeen arteko hitzarmenak aurreikusten du Altsasun dauden 3.767 etxebizitzetatik 2.260k izena eman beharko luketela (% 60) eta soilik 166k eman dute izena (% 4,4). Horregatik, bi erakundeek helburua 2018ko abenduaren 31rako lortzea adostu dute.
Bai Mank-en bai Altsasuko Udalean kezkaz ikusi dute herritar gutxik izena ematea eta guztiek ere espero dute 5.edukiontzia kalean ikustean hura erabiltzeko izen emate gehiago izanen direla. Hala jakinarazi digu David Oroz Alonsok Sakanako Mankomunitateko presidenteak. Etxean sortzen diren hondakinen % 40 materia organikoa dela kontuan izanda bi erakundeek jarritako helburua lorgarria da. Gainera, Europako Batasunak 2020rako etxeko hondakinen gaikako bilketa gutxienez %50ekoa izan behar duela jakinarazi du.