Irailaren 26rako falta ziren egunak (0) eta Nafarroan hartzeko falta den errefuxiatu kopurua (265) zuen kontagailua kendu zuten herenegun udaletxetik Sakana Harrera Haranako Juan Pedro Higuerok eta Josu Rubiok, Pedro Jimenez zinegotziaren laguntzaz. Duela bi urteko irailean hondartzan hildako Ailam haur iheslariaren argazkiak askoren bihotza eta arima kolpatu zuen. Argazki haren itzalera Europako Batasunak 180.000 iheslari hartzeko konpromisoa hartu zuen. Estatuek agindutako errefuxiatu kopurua hartzeko epea gaur arte zuten.
Estatuek agindutakoa ez dute bete, “ezta hurbildu ere” Sakana Harrera Haranako kideen esanetan. Espainiak, esaterako, hartuko zituen iheslari kopuruaren %11,4 besterik ez ditu hartu. Azken data iritsita “udaletxean atzera-kontua egotea zentzurik ez duenez” kendu egin dute. Errefuxiatuen aldeko taldetik salatu dute estatuek “dauden bezala” segitu nahi dutela, “edo haiek nahi dituzten errefuxiatuak ekartzea. Hor ere xenofobia dago, zer errefuxiatu etorri behar diren aukeratu nahi dute”. Azken aldian soilik Ukrainako eta Venezuelako errefuxiatuak hartu dituztela gaztigatu dute.
Sakana Harrera Haranako kideek gogorarazi dute Ailamen moduan, “milaka eta milaka pertsona hil direla hobi komun bihurtu den Mediterraneoan. Estatuen asmoa da errefuxiatuak euren mugetatik kanpo mantentzea, hirugarren munduko muga horretan: Marokon, Libian, Turkian… Honantz ez hurbiltzeko”. Iheslariak han ez direla geldituko gaztigatu dute Sakana Harrera Haranetik; “haien asmoa etortzea da”. Horregatik, errefuxiatuak “baldintza egokietan pasatzea eta, legeak markatzen duen moduan, behar duenari errefuxiatuaren estatutua ematea” eskatu dute. Horrekin batera, Mediterraneo itsasoan halako oztoporik ez jartzea eskatu dute, “hor jendeak nola bukatzen duen badakigu”. Sakandarrei errefuxiatuen egoera salatzeko antolatutako protestetan parte hartzera deitu dute Sakana Harrera Harana taldetik.