Hasi dira osasun-etxea handitzeko lanak

Guaixe 2017ko ira. 29a, 09:35

Erradiologia digitaleko ekipamendua ezartzeko egin behar dira lanak.

Nafarroako Lehen Mailako Osasun Arretako Estrategiaren barruan, Osasun Departamentuak Altsasuko osasun-etxean erradiologia zerbitzua ezartzea erabaki du. Zerbitzu hori hartzeko, ordea, Altsasuko osasun-etxea 110 metro karratutan handitu behar da. Berrikuntza-lanak direla eta, gaur egun dauden eremuak berriro antolatu beharko dira, erabiltzaileen irisgarritasuna eta arreta errazteko; baita langileena ere.

Langileak pasa den astean hasi ziren prestaketa lanekin. Erri-Berri SL enpresak eginen ditu lanak eta haien truke 269.957,05 euro jasoko ditu. Behin lanak despedituta, erradiologia digitaleko ekipamendu erosiko du Osasun Departamentuak eta, horretarako, 200.000 euro bideratuko ditu.

Lanen nondik norakoak
Txema Calleja Pascual Altsasuko osasun etxeko medikua eta zuzendaria da. Berak azaldu digunez, osasun etxeko eraikin berriaren gainean langileen aldagelak eta bi bulego eginen dira. Obra berriak ez du planta guztia hartuko. Eta hara igotzeko eraikinaren kanpotik eskailera estaliak eginen dira. Gaur egungo aldageletan X-izpien makina jarriko da. Behar bezalako segurtasunarekin erabiltzeko gela hori berunez forratuko dute langileek. Lanek hilabete eta erdi iraunen dute, gutxi gorabehera. Larrialdietarako sarrera ere moldatu eginen dute.

Horrekin batera beste bi lanen berri eman digu Callejak. Alde batetik, Autobus geltokiaren eta osasun etxearen arteko espazioan hesi bat jarri da. “Eskolara joaten ziren haurrak hortik zuzenean aparkalekura sartzen ziren, eta larrialdietara autoekin ateratzen ginenetan autoarekin haiek harrapatzeko arriskua zegoela ikusten genuen. Horregatik, bost metro gehiagoko buelta egin beharko da orain”.

Larrialdiekin zerikusia duen beste lan bat ere eginen da aurki. Elurra eta izotza egiten duen egunetan medikuen eta erizainen autoak kalean egoten dira. “Larrialdi bat egonez gero, lehenik autoari elurra edota izotza kendu behar diogu. Azkartasuna galtzen dugu. Horregatik, osasun kontseiluari bi autorendako estalpe bat eskatu genion”. Zuzendariak esan digunez, larrialdi eremuaren parean jarriko dute estalpea.

Tresneria berria
Lanak egin ondoren X izpien makina jarri eta teknikariek hura egoki jarri beharko dute. Callejak ez daki noizko egonen den erabilgarri. “Suposatzen dut Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun eskualdeetako herritarrendako izanen dela (Lakuntzatik Ziordira)”. Guztia prest dagoenean makina erabiliko duen teknikari bat beharko da. Zuzendariak azaldu digunez, “guk dagoeneko Interneteko barneko sarearen bidez jasotzen ditugu plakak ordenagailuan. Zentralizatuta dago.

Makina berriaren zain, Altsasuko osasun etxeak ekografoa hartu zuen joan den urte akaberan. Harekin “sorbaldako minak, tendoiak zer moduz dauden…” ikusteko aukera dute. “Kontsultan laguntzeko, zalantzak argitzeko, diagnosia indartzeko beste tresna bat da” esan digu Callejak, eta argitu du benetako ekografia zuzena ez dutela egiten; “asko ikasi behar da, lan handia egin”. Medikuak ari dira erabiltzen ekografoa, nahiz eta erizainek kasu jakinetan erabiltzeko aukera luketen ez dira erabiltzen ari.

Zergatia
Osasun etxea handitzea eta bi tresna berriz hornitzearen arrazoiaz galdetu diogu Callejari: “Osasunbideak Lehen Arretako zerbitzua hobetzeko proiektu handia du”. Hor sartuko litzateke ekografoaren etorrera. “Osasun zerbitzuak eskualdeka antolatzeko beste programa bat ere badago”. Eta horri lotuta legoke X-izpien makinaren etorrera.

Zuzendariak esan duenez, “Guretako lan gehiago da, baina gure pazienteendako hobekuntza handia da etxetik gertu halakoak izatea”. Azaldu digunez, gaur egun Altsasuko osasun etxean honako langileria dago: 6 mediku, zaintzetarako 3 mediku, pediatra 1 eta bestea lanaldi erdian, 7 erizain, zaintzetarako 3 erizain, pediatriako erizain bat lanaldi erdian (astelehenetik), eskola erizain bat, 5 administrari eta bi fisioterapeuta.