Erregional mailan 3 jardunaldi jokatu dira. Lehendabizikoa atzeratu egin zuen bertan lehiatzen ari den Altsasuk, festak zirelako, eta atzeratutako partida ostegunean jokatuko dute, urriaren 12an, Dantzalekun, San Ignazioren kontra. Hala ere, Lagunak B eta Beti Kozkorri irabazita, erregionaleko liderra da egun Altsasu, partida bat gutxiagorekin. Eta hori nahi dute Sociedad Deportiva Alsasuan (SDA): taldeak saltoa eman eta aurten bai, erregionaleko lehen postuetan sailkatzea, preferenterako igoera fasea jokatu ahal izateko.
Jokalariak ia berberak dira, baina ingurunea guztiz aldatu da. SDAko futbol koordinatzaile Gorka Paskuak postua utzi behar izan zuen, lan kontuengatik, eta SDAn futbol-basean entrenatzen eta laguntzen aritu den Alfonso Castellanosek hartu du haren lekua. “Gorkak sekulako lana egin zuen. Ordura arte futbol talde bakoitzak aparte egiten zuen lana eta Gorkak guztia bateratu zuen eta klubean futbol egitura bikaina sortu zuen: talde guztiak koordinatu zituen, futbol egitura egonkortu zuen, taldeen harteko harremanak sustatu… futbol klub bezala handitu egin zen Altsasu eta oraindik handitzen jarraitzen du. Hasieran errespetu handiz hartu nuen bere tokia, Iokin Lobok proposatuta, baina SDAko juntaren babesa, Iokinen eta futbolarien babes guztia dut eta eromena izan arren, aurrera egiten ari gara” azaldu digu SDAko futbol koordinatzaile berriak.
Azken bi urtetan erregional talde sendoa osatzeko lanetan aritu da Altsasu. Ez zegoen beste helbururik: taldea egitea, sortzea. Eta lan horrek bere fruitua izan du. “Taldea sendotu da. Talde gaztea da, baina erregionalean bizpahiru urteko esperientzia dute. Talde ona da eta aldageletako giroa bikaina da. Taldean ez dago aparteko aldaketarik, azken bi urtetako egitura bera da. Bi baja izan ditugu, Darling G. Quezada –Etxarrira joan da– eta Julen Goikoetxearena, ikasketa eta lan kontuengatik. Jubeniletatik Jon Mendia eta Asier Bujanda igo dira eta Lagunen zegoen Joseba Montoya eta Getxon zebilen Imanol Lobo bere harrobira, Altsasura itzuli dira” gaineratu du Castellanok. Aurten beste helburu batzuk planteatzeko tartea iritsi da. “Goian egon nahi dugu, preferente mailako igoera fasera sailkatzeko eta igoera fase horretan, ahal bada, preferentera igotzeko. Taldea egituratzen aritu gara azken urteetan eta saltoa emateko tartea iritsi da” azpimarratu du Castellanosek.
Javi Riezuk eta Francisco Gomezek gidatuko dute taldea. “Pozik eta ilusionatuta dago Riezu. Talde ona dugula jakitun, kontziente da aurten saltoa eman behar dugula” nabarmendu du Castellanosek. Lagunak, Pamplona B… taldeak dira, bere ustez, erregionaleko onenak, “baina gure burua eurekin lehian ikusten dugu, maila berean” gaineratu du.
300 futbolari eta 22 entrenatzaile inguru
SDAren futbol atala osasun bete-betean dago. Castellanosek azaldu digunez, 14 futbol talde ditu Altsasuk: erregionala, jubenila, kadeteen mailako bi talde, haurren mailako hiru, kimuen mailako bi, benjaminen mailako bi eta aurrebenjaminen talde bat. Eta emakumezkoetan, bi talde daude: erregional mailakoa eta Futbol 8 mailakoa. Hortaz, harrobi arazorik ez dago Altsasun. “Gutxi gorabehera 300 futbolari eta 22 entrenatzaile ibiliko gara lanean. Emakumezkoen futbolean, Gorka Paskuak sortutako bi taldeei jarraipena eman nahi diogu. Aurten ez da lortu, baina ea hurrengo denboraldian hirugarren taldea sortzen dugun, kadeteena” azaldu digu futbol koordinatzailea izateaz gain, emakumezkoen erregional taldeko entrenatzailea den Alfonso Castellanosek.
SDAko zuzendaritzan aldaketarik ez
SDA taldeko juntan Ione Borrega da presidentea, Carlos Villalobos presidenteordea, Maru Lasa diruzaina, Mañu Navarro idazkaria, eta Jesus Sayas, Martin Somocurcio, Felix Mazkiaran eta Iñaki Etxaiz bokalak. Txirrindularitza sekzioaren ardura Felix Mazkiaranek du, pilotarena Mañu Navarrok eta futbol koordinatzailea Alfonso Castellanos da.
Altsasu. Erregionala. 2017/2018
Atezainak: Ekai Urkijo eta Iñaki Grajeras
Defentsak: Mikel Cordero, Yerai Perez de Villarreal, Gorka Martinez, Jon Artigas, Aitor Lara eta Kennth Paulette
Erdilariak: Iokin Lobo, Javi Guisado, Xabier Mazkiaran, Xabier Ormazabal, Esteban Letona, Joseba Montoya eta Jon Mendia
Hegalak: Imanol Martinez, Nabil Essobai eta Asier Bujanda
Aurrelariak: Raul Claver, Eneko Garasa, Patxi Letona, Joseba Lizarraga eta Imanol Lobo
Entrenatzaileak: Javier Riezu Gonzalez eta Francisco Gomez Rovira