Gaztetxea, urteurren ospakizun betean

Guaixe 2017ko urr. 9a, 16:08

Gaztetxearen 27. urteurrena hasteko Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) oroimen ekitaldia egin zuten, eraikinari dantzatuz eta plaka bat jarriz. Ostegunean izan zen, etxajua piztu ondoren. Pintxo-pote eta kantaldiarekin joan zen aurreneko eguna. Haurrei eskainitako jokoekin eta antzezlan batekin ostau zen ostirala.

Larunbatean, berriz, Foru plazan, koadrilaka kaldereteak egin zituzten goizean goizetik. AGAko kide batek azaldu zigunez,  hiru bat urte dira gaztetxeko plaza utzi eta Foru plazara aldatu zirela, “jende pila bildu eta hura txiki gelditu zelako”. Kalderete lehiaketa bera “gaztetxeak herrian duen indarraren erakusleiho” zela nabarmendu zuen. Beste behin ere lehiaketak egungo gazteak eta gaztetxetik pasatakoak bildu zituen. Ez zuten aukera galdu eta preso dauden Adur, Jokin eta Oihanen aldeko talde argazkia egin zuten. Arratsalde jokoekin eta elektro txarangaren kalejirarekin osatu zen. Ospakizunak ordu txikiak arte iraun zuen gaztetxean izan zen dantzaldiarekin.

Egitaraua
Asteartea 10

19:30 Gasteizko Errekaleor auzoari buruzko hitzaldia gaztetxean.

Asteazkena 11


19:30 Asanblada gaztetxean.

Asteazkena 18


19:30 Asanblada gaztetxean.

Ostirala 20


Errepresioaren inguruko mahai ingurua gaztetxean.