Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) dituen 14 futbol taldeen artean, bi emakumezkoenak dira: emakumezkoen erregional mailako Altsasu eta Futbol 8 emakumezkoen taldea. Emakumezkoen Altsasu taldeek ibilbide nahiko laburra dute; aurreko urtera arte SDAko futbol koordinatzaile zen Gorka Paskuak lan itzela egin zuen taldeak sortzeko. Emakumezkoen futbola oraindik sendotzen dabil eta lan horrekin aurrera jarraitzen du SDAk.
“Emakumezkoen Altsasu talde erregionalean aldaketa nabarmenak izan ditugu aurten. Guretzat jokalari oso garrantzitsuak ziren Irati Igoak eta Aroa Cerezok Mulierrera egin dute salto, eta hori asko nabaritu dugu. Horrela, gure lana ligari eustea eta taldea sendotzea eta berrindartzea izango da; izan ere, gure lana epe luzerakoa da: emakumezkoen futbola sustatzea eta taldea egitea eta sendotzea, emakumezkoek futbolean gustura aritu daitezen” adierazi digu SDAko futbol koordinatzaile berriak, Alfonso Castellanosek. Hain zuzen ere bera da emakumezkoen erregional mailako Altsasu taldeko entrenatzaile berria. “Aurreko urtean Asier Arregi zen entrenatzailea, baina aurten, eta entrenatzaile berri bat topatzen dugunera arte, ni nabil taldea entrenatzen, oso gustura”.
Irati Igoa eta Aroa Cerezoren bajaz aparte, iazko taldekide ia gehienek jarraitzen dute: Garcia de Albeniz, Gasco, Elizalde, Alzelai, S. Alonso, Lizarraga, E. Alonso, Ruiz de Egino, Amiama, Lopez, Beraza, Leza, Ijurra eta Lopez, eta kadeteetatik Arellano, Agirre, Granizo, Sayas, Apaolaza eta Vergara igo dira. Horretaz gain, Futbol 8 mailan dabilen emakumezkoen taldea dauka Altsasuk. Ane Cantero da entrenatzailea eta 12 neskako taldea du bere ardurapean.
Emakumezkoen erregional mailari dagokionez, 18 talde ari dira lehiatzen eta bost jardunaldi jokatuta, sailkapenean Berirozar da liderra 815 puntu). Altsasu 13.a da (2 puntu). Orain arte, bi partida berdindu dituzte –azkena asteburuan, hiruna, Ardoirekin– eta gainontzekoak galdu. “Aurten ligari tamaina hartzea kosta egiten ari zaigu. Azkenean maila ezberdineko jokalariekin ari gara, kadeteetatik igo direnetik hasita helduetaraino, eta hori nabaritzen da. Baina aurrera egingo dugu, emakumezkoen futbola gustuko dugulako eta sustatzen jarraituko dugulako. Epe luzeko lana da hau” nabarmendu du Castellanosek. Berriozar, Amigo, Osasuna, Kirol Sport… dira faboritoak. Igandean Iruntxiki du arerio Altsasuk, 19:15ean, Beriainen.
SDAko futbol taldeen aurkezpena
Ostegun goizean SDA taldeko futbol talde guztien aurkezpena egin zen, Dantzalekun. Gutxi gorabehera 300 futbolari trebatuko dira Altsasuk dituen 14 futbol taldetan, eta 22 entrenatzaileren ardurapean ariko dira. Gizonezkoetan, erregional mailako taldea, jubenil mailakoa, kadeteen mailako 2, haurren mailako hiru, kimuen mailako bi, benjaminen mailako bi eta aurrebenjaminen mailako talde bat ditu Altsasuk eta, emakumezkoetan, erregional mailakoa eta Futbol 8 mailakoa.
Emakumezkoen erregional mailako Altsasu 2017/2018
Atezainak: Izaskun Ruiz de Egino eta Maider Granizo.
Defentsa: Saioa Sayas.
Erdilariak: Sandra Gasco, Alicia Elizalde, June Alzelai, Ane Lizarraga, Edurne Alonso, Maalen Beraza, Nerea Arellano eta Jone Apaolaza.
Hegalekoak: June Garcia de Albeniz, Maider Amiama, Janire Lopez, June Leza, Maialen Ijurra, Ioana Lopez, Ainhoa Agirre eta Udane Vergara.
Aurrelariak: Sonia Alonso.
Entrenatzailea: Alfonso Castellanos.