Dantzaleku Sakana Klubak, makina bat babeslerekin batera, X. Onddo Lasterketa eta 38. Eskolarteko Krosa antolatu ditu Altsasuko ferietan, bihar, larunbatean. Hurrenez urren, Goizeko 11:00etatik aurrera kategoria txikiko probak jokatuko dira, 11:30ean Oinezko Onddo Martxa, eta 12:00etan Onddo Lasterketa (6,5 km). Helburua atletismoa sustatzea da, eta gure paraje zoragarrietatik barna korrika eginez gozatzea, goiz ederra pasatuz.
Dantzaleku Sakana taldeko kideek aipatu digutenez, aurreko urteko printzipio eta xede berberekin jarraitzen dute. “Onddo Lasterketa proba ez lehiakorra da. Ez da denborarik hartzen ez sailkapenik egiten. Gozatzea, hori da asmoa. Orain onddoak ateratzen diren gure paraje zoragarrietatik barna korrikan ibiltzea da kontua, lagunartean eta inolako lehiakortasunik gabe goiza bikaina pasatuz” adierazi zute.
Bildutakoa, Josefina Arregi Klinikaren Lagunendako
Aurreko urtean bezala, aurten ere oinezkoendako martxa antolatu dute. “Duela urte pare bat Onddo Lasterketarekin Josefina Arregi Klinikaren Lagunak taldea laguntzen hasi ginen. Parte hartzeagatik 5 euroko laguntza eskatzen dugu eta jasotako guztia klinikaren lagunak taldeari ematen diogu. Aurten ere horrela eginen dugu. Laguntza eman nahi zuen baina korrika egitera ausartzen ez zen jendea hurbildu zitzaigun, eta horregatik oinezko ibilaldia antolatu genuen. Erantzun ona izan zuen eta aurten ere errepikatuko da” nabarmendu dute Dantzalekutik. Etorkizunean ere onddo lasterketarekin beste talde batzuk laguntzea ez dute baztertzen. “Sakanan lan egiten duten elkarteak lehenetsiko ditugu, beti ere” gaineratu dute klubetik.
Txikienak goiztiarrenak, 11:00etan
Hasieran kategoria txikikoen lasterketak jokatuko dira, 11:00etan, Altsasuko plazan. Zehazki, 38. Eskolarteko Krosa izanen da jokoan egongo dena. Lasterketa hau orduko Altsasuko lau ikastetxeetako –Iñigo Aritza, Zelandi, Korazonistak eta Mojak– neska-mutikoengan atletismoa sustatzeko antolatzen hasi zen Dantzaleku Sakana. Bukaeran indarrak berreskuratzeko aukera izango dute korrikalari gazteenek.
Kamiseta, onddoak eta loteak
11:30ean oinezko onddo martxan parte hartuko dutenak abiatuko dira eta 12:00etan onddo lasterketakoak. “Ibilbidea betikoa izango da, 6,5 km-koa. Oinezkoak eta korrikalariak eremu berdinetan ariko dira, baina ibilbide ezberdina egingo dute, elkarren artean traba ez egiteko. Plazatik, basoitxitik, San Pedrotik… onddo artean bikain ibiliko gara” aipatu dute Dantzaleku Sakana klubekoek. Eta korrikaren eta oinezkoen festa honetan parte hartzeko deia egin dute. “Aurreko urtean 386 helduk parte hartu zuten oinezkoan eta korrikan eta 86 neska-mutikok Eskolarteko Krosan. Beraz, 472 lagun guztira. Ea aurten 500 partaide biltzen garen!” adierazi dute Dantzalekutik. Eguraldi bikaina izanen dute eta ea kopurua gainditzen duten.
Korrikalariek eta oinezko martxakoek onddo eguneko kamiseta jasoko dute. Bestalde, partaide guztien artean Altsasuko feriekin lotutako lote ugari zozketatuko dituzte. Patea, gazta, edariak, afariak, bazkariak, zaldi ibilbideak, maillota eta beste zozketatuko dira, tartean 4 onddo saski preziatuak.
Izena emateko
Aurretik, www.dantzalekusakana.com web orrian. Egunean bertan, Foru plazan edo Gure Etxean. Dortsala jasotzerakoan 5 euroko laguntza eman beharko da, Josefina Arregi Klinikako Lagunak elkarteari bideratuko zaiona.