Benito Lertxundi kontzertuan

Guaixe 2017ko urr. 13a, 11:43

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Burunda pilotalekuan.

Orioko bardoak estilo ugarirekin aberastutako folk musika eskaintzen 52 urte darama. Euskal Herriko geografian barnako biran, hurrengo geldialdia Altsasun eginen du. Biharko emanaldian Benito Lertxundik Oroimenaren oraina (2015, Elkar) du azken diskoa. Hura aurkezteko bira egin eta gero etorriko da Altsasura. Burunda pilotalekuko emanaldian, ohikoan duen moduan, oraindik argia ikusi gabeko kantuak ere aurkezteko ditu, bere barne hausnarketak, Fernando Pessoa portugaldar idazlearen olerkiak edota Jorge Bucay argentinarraren olerkiren batekin konposatutakoak. Eta, jakina, 17 diskoko diskografiako bere kanturik ezagunenek ere tokia izanen dute eskainiko duen errepertorioan.

Bere ohiko musikariez inguratuta igoko da oholtzara: Juantxo Zeberio (piano eta sintetizadorea), Amaiur Cajaraville (baxua), David Gorospe (bateria), Angel Unzu (gitarra eta bouzukia), Gurutz Bikuña (gitarra), Xabier Zeberio (arrabita eta nyckelharpa), Pello Ramirez (eskusoinua eta bioloncelloa), Intza Unanue (koroak) eta Olatz Zugasti (harpa, tekladua eta ahotsa).