Altsasuko feriekin batera, larunbat goizean 10. Onddo Lasterketa jokatu zen, Dantzaleku Sakana klubak hainbat babeslerekin batera antolatutako lasterketa ez lehiakorra. Eguerdian abiatu ziren korrikalariak Foru Plazatik, Basoitxitik, San Pedro zelaitik eta gertuko paraje zoragarrietatik barna jokatzen den 6,5 km-ko proba ederra egiteko, baina aurretik, eta bigarren urtez jarraian, Oinezko Onddo Martxa abiatu zen. Paraje berberetan paseoa egitea zen helburua, baina ibilbide ezberdina eginez, korrikalariekin traba ez egiteko. Martxan eta korrikan aritu zirenek 5 euroko ekarpena egin zuten Josefina Arregi Klinikako Lagunak taldearendako, aipatu zentroan jarriko den errekuperazio unitate berrira bideratuko dena.
“Finean gure helburua atletismoa bulkatzea da, emakumeena bereziki. Udazkenean oraindik ederrago dauden gure paraje bikainetan korrikaldi ederra egitea sustatu nahi dugu, goizaz disfrutatzea, onddoak ateratzen diren eremuetatik pasaz edo paseo ederra eginez. Eta, bide batez, Josefina Arregi Klinikako Lagunak elkartearen jarduna laguntzen badugu, are hobeto” aipatu zuten Dantzaleku-Sakana klubeko kideek. Eguraldi zoragarria lagun, berez ederra den ibilbidea zoragarriagoa izan zen.
369 pertsonek eman zuten izena Onddo Lasterketan eta Oinezko Onddo Martxan. Horiei aurretik 38. Eskolarteko Krosean aritutako 59 neska-mutikoak gehitu behar zaizkie. Beraz, 428 parte-hartzaile guztira. Gehienak emakumezkoak izan zirela gaineratu zuten antolatzaileek.
Buelta eta korrikaldia egin eta gero, korrikalari eta ibiltari guztiak feriak izanagatik oso animatuta zegoen Foru Plazan bildu ziren. Feriekin lotutako 105 produktu lote eta hiru onddo saski zozketatu ziren guztien artean, eta parte-hartzaileek onddo lasterketako kamiseta jaso zuten opari.
Aurretik 38. Eskolarteko Krosa
Oinezko Onddo Martxa eta Onddo Lasterketa baino lehen, 38. Eskolarteko Krosa jokatu zen, kategoria txikiko neska-mutikoendako lasterketa. Guztira 59 gaztetxo lehiatu ziren.