Altsasuko pilotazaleek, kirol talde eta elkarteek eta partikularrek Altsasuko udalari pilota jokoa sustatzeko eskabidea egin nahi diote. Eskabidea sendoagoa izateko, sinadura bilketa egiten ari dira. Sinadura bilketako eskarian jasotzen denez, “gure atsekaberako, herriko gazteek eta haurrek euskal pilotan aritzeko toki publiko dohain eta irekiak ez daude”. Eskutitzan azaltzen dutenez, lehen, Altsasun, gainontzeko herrietan bezala, elizako portikoko paretetan, ondoko paretetan, plazako frontoian, Burunda frontoian –goizez eta arratsaldez zabalik egoten zen– eta hainbat tokitan jokatzen zen. Egun, toki horietako asko itxita daude.
Frontball paretak jasotzea eskatuko dute
Egun, pilotan Frontball modalitatea zabaltzen ari dela azaldu dute Altsasuko Udalari eskaria egin nahi diotenak. Pareta bakarrean jokatzen da, txapa edo marra horizontal bat margotua duena, aintzinako frontoiak bezala. Esku huska jokatzen da, pareta sinple batekin. Udan Frontballeko Munduko Txapelketa jokatu zen eta badirudi aipatu modalitatea gora doala. Burgeten, esaterako, irailaren 2an Frontball pareta mustu zuten.
Horregatik guztiagatik, Altsasuko udalari eskatu nahi diote Frontball pareta edo kantxak jartzea, edo, ahal bada, mini-frontoiak, neska-mutikoengan pilota sustatzeko. Diotenez, pareta hauen beste aldea rokodromoa egiteko probestu ahalko litzateke.
Tradizio pilotazalea berreskuratzea helburu
Gaineratzen dutenez, Altsasun frontball paretak jasotzeko toki aproposak daude, esaterako, Otadiko Kristo Deuna ermitaren eta Txioka ikastolaren aurrean, Zelandiko eskoletako patioa, Txirinbulo Haur Eskolakoa, Institutuko patioa… “Altsasuko Udalak beste gastu eta lehentasunak dituela jakitun gara, baina uste dugu gure jokoa den pilota sustatzea urgentziazkoa dela, halako instalaziorik gabe zaletasunak desagertzera joko duelako. Ez gaitu inolako interes pertsonalik mugitzen; gure tradizio pilotazalea berreskuratu nahi dugu” azpimarratu dute Altsasuko Udalari eskaera egin nahi dioten pilota zaleek, kirol entitateek eta partikularrek. Esan bezala, sinadura bilketa egiten ari dira Udalari eskaria egin baino lehen.