Altsasuko Mendigoizaleak taldeak 32. aldiz ferietako argazki rallya antolatu zuen, Herriz Herri txapelketarako baliagarria zen. Kamera eskutan 39 argazkilari aritu ziren feriako irudiak hartzen. Haietako bost bat haurren mailakoak ziren. Feriaz aparte, zozketa bidez lau gai aukeratu zituzten antolatzaileek eta haien inguruan egin behar izan zituzten argazkiak. Gaiak honakoak izan ziren: kontrargia, tabernan, moda eta Altsasuko joan den urtea. Parte-hartzaileek gai bakoitzeko argazki bana aurkeztu beharra zuten.
Lehiaketara aurkeztutako argazkiak azaroaren 3tik 11ra Iortia kultur gunean ikusteko aukera izanen da. Sari banaketa, berriz, azaroaren 4an, larunbatean, izanen da, 19:30ean, kultur gunean bertan. Haur eta helduen mailetan hiruna sari banatuko dira; 200, 120 eta 90 eurokoak helduen kasuan eta opariak haurrenean. Gainera, saririk gabeko bazkidearendako eta gaiaren inguruko argazki onenarendako sari bana izanen da.