Jendetza erakarri du feriak

Guaixe 2017ko urr. 16a, 15:21

Eguraldia lagun, milaka pertsona gerturatu ziren Altsasura atzo. Jendeak Zelai kalera jo zuen, han zegoen zaldi-azienda ikustera. Ibarreko 19 abeltzainen 59 buru ikusgai zeuden. Gainera, lehiaketa ere bazenez, buru guztiak desfilatzen ikusteko aukera izan zen. Azienda-larri guztia Guillermo Perez de Lezetak eta Jose Anjel Barberenak epaitu zuten, saritan 2.820 euro banatu zituzten. Ferialeku kalean, berriz, Pirinioko eta Blonda arrazako 41 behi ikusteko aukera izan zen, Senosiain, Etxarri Aranatz eta Bakaikuko lau abeltzainenak. 11 arsaldo eta ahuntzen bat ere ikusteko aukera izan zuten bisitariek. Zubeztia plazan Errotainen bidez zaldi ibilaldiak egiteko aukera izan zuten haurrek.

Feriak azoka ere badu eta 80 salmahaietan zeuden produktuak ikusi, dastatu, haien ekoizleekin hitz egin eta erosteko aukera baliatu zuten askok. Barazkiak, ogiak, eztia, barazkiak, hestekiak, postreak tresnak, arropa eta bestelakoak salgai zeuden eta esku askotan poltsa beteak zeuden. Bestetik, azokako lau talo postuak eta Altsasuko inauteri batzordearen txistorra saltzeko postuak izan ziren batzuen eta besteen gosea ase zutenak.

Bi erakusketa ere izan ziren. Ostiralean ateak zabaldu zituen Altsasuko Arte Azoka bisitatzeko aukera izan zen Iortia kultur gunean. Han obra erakusten duten 36 sortzaileetako hiruk euren obra saltzen egon ziren. Garbitoki eraikinean, berriz, mikologia erakusketan jendetzaren etorri handia izan zen. 250 bat ziza eta onddo espezie ikusteko aukera izan zen hiru mahai luzetan jarrita. Altsasuko mikologia elkarteko 30 kideetako batzuk beharrezko azalpenak eman zituzten halakorik eskatu zutenei. Mila Kolore eta Altsasukoak Aske taldeek euren postuak ere izan zituzten.

Gehiago
Feria ospakizunak asteburu guztia hartu dute. Altsasuko peñek ostiralean mustu zuten egitaraua haurrendako jolasekin. Gaueko pilota jaialdiak jendea erakarri zuen Altsasura ere. Larunbat goizeko atletismo probarekin animazioa izan zen plazan. Josefina Arregi klinikaren berri emateko balio izan zuen ekimenak ere. Foru plaza jantoki bihurtu zen eta peñen bazkarian 300 pertsona elkartu ziren. Haiek eta haiei batutakoak izan ziren festa giroa herrian barna zabaldu zutenak arratsaldean. Benito Lertxundiren kontzertua bertan behera gelditu zen. Dantzaldiak eta bestelakoek festa giroa luzatu zuten.

Sariak 

5 urtetik gorako hazitarakoak
1. Javier Lanzena, Lakuntza.
2. Patxi Legarra Zubiriarena, Zuhatzu.




3 eta 5 urte bitarteko hazitarakoak

1. SAT Gonzalez Percazena, Ziordia.

2. Juan Aldabarena, Satrustegi.
3. Jose Anjel Rekalderena, Zuhatzu.



Behorrak pottoarekin 

1. Agustin Askarairena, Lakuntza.
2. SAT Gonzalez Percazena, Ziordia.
3. Patxi Agirrerena, Arbizu.



Pottorik gabeko behorrak
1. Jose Ramon Canorena, Urdiain.
2. Juan Aldabarena, Satrustegi. 

3. Jose Anjel Rekalderena, Zuhatzu.

Urte beteko pottoak 

1. Martin Ezkurdiarena, Arbizu.
2. Patxi Legarrarena, Zuhatzu.
3. Martin Ezkurdiarena, Arbizu.

Bi urteko pottoak 

1. Juan Aldabarena, Satrustegi.
2. Javier Lanzena, Lakuntza.
3. Martin Ezkurdiarena, Arbizu.

Urte beteko bihokak 

1. SAT Gonzalez Percazena, Ziordia.
2. Javier Agirrerena, Etxarri Aranatz.
3. Jose Anjel Rekalderena, Zuhatzu.

Bi urteko bihokak 

1. Javier Lanzena, Lakuntza.
2. Asier Alustizarena, Altsasu.
3. Fermin Unzillarena, Etxarri Aranatz.



Altsasuko abere onena

Argi, Iñaki Larrea Percazena.


Aldaketa
Heldu den urtean feriak ohi bezala lastaileko hirugarren igandean izan beharrean laugarrenean izanen dira. Aldaketarako arrazoia Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez antolatuko duela 2018an.