Euskal musikaren benetako istorioa antzezlan batean

Guaixe 2017ko urr. 20a, 08:55

Larunbatean, 19:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Berriak, Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak elkarlanean antolatu dute emanaldia.

Tartean Teatroa, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak osatutako arte-bikoteak, hainbat antzezlan sortu eta eman ditu jendaurrean (Kontenedore baten Istorioak, Lezio Berri Bat Ostrukari Buruz, Euskara Sencilloaren Manifiestoa, Larru Haizetara, Euskarazetamol edo Lingua Nabajorum). Eta denborarekin estilo bat sortu dute: Aktore-pertsonaia biren arteko elkarrizketetan oinarritzen den hitzezko umorea, esaldi motz eta pikatuak, azkarrak, eroak dituenak; euskara, euskal jendartea edo kultura mintzagai dituena.

Oraingoan Altsasura euskal musikaren imajinarioan murgilduko gaituen antzerki-ikuskizuna dakarte, Ez dok hiru. “Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla. Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira —zatiak, noski!— eta denak ez bada, gehienak, ezagun egingo zaizkizu. Gure musika-ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko”.

Jakina, haien moduko antzezlana izanen da: eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez… Nahiz eta, “azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario”. Telleriak sortu ditu testuak eta bera eta Martinez Jokin Oregiren zuzendaritzapean ariko dira. Baina eszenan ez dira bakarrik izanen, hiru musikari-aktoren izanen dituztelako aldamenean, bikotearen hitzei zuzeneko musikaren indarra gehituz. 


Elkarlanean
Duela bost urte hasi ziren Berria, Sakanako Mankomunitatea eta Altsasuko Udala elkarlanean Altsasun kultur ekitaldi bat antolatzen. Orduan Ruper Ordorikak kontzertua eskain zuen Berriaren alde Zure ziztada kanpainaren barruan. Hurrengo urteetan, Mank-ek eta Altsasuko Udalak diru-sail bat jarri dute euskarazko kultur ekitaldi bat egiteko, eta Berriak horiek antolatzeko ardura hartu du bere gain, Sakanako Berrialagun talde baten eskutik. Horrela, 2013an Gariren kontzertua programatu zen, 2014an Tanttakaren Zazpi aldiz elur ikuskizuna, 2015ean Anari eta bere taldearen kontzertua eta 2016an Sakanako hotsak, Sakanako musikarien eskutik. Aurten Ez dok hiru antzezlana plazaratuko da.

Urteotan antolatutako ekitaldien bidez Berriak helburu nagusi bat izan du: euskal kultura Sakanan zabaltzen laguntzea. Helburu horretaz aparte, beste bi helburu izan ditu Berriak: Sakanako eragileekin elkarlanean aritzea batetik eta Sakanako Berrialagunen komunitatea elkartzea eta elikatzea bestetik.

Fitxa
Egilea: Patxo Telleria
Zuzendaria: Jokin Oregi
Aktoreak: Mikel Martinez, Patxo Telleria
Musikariak: Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga eta Ivan Allue


Sarrerak eta deskontuak
Iortia kultur etxean bertan edo www.iortiakultura.com webgunean egin daitezke. Emanaldiaren aurretik 10 eurotan (gaur arte) eta bihar 12 €.

Berrialagunek 2 euroko deskontua izanen dute. Erosketa aldez aurretik egin nahi badute, sarrerak Berrian eskatu behar zituzten asteartea baino lehen eta kontzertuaren egunean Iortiako txarteldegian jaso. Berriak haien kontutik kobratuko die. Egunean bertan erosten badute Berrialagun-txartela erakutsi beharko dute txarteldegian deskontua egin ahal izateko (Berrialagun bakoitzak bi sarrera erosi ahal izanen ditu gehienez ere deskontua aplikatuta).